POLITIKA

Elkarlana "mamitzera" dei egin die ezker abertzaleak independentistei

Txelui Morenok adierazi du "urratsak egiteko unea" dela, akordioak lortzeko. Ezker abertzaleak bere egindako Mitchell printzipioekin bat datorren argitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

2010eko otsailaren 18a
16:54
Entzun
Ezker abertzaleak batzera eta elkarlana indartzera egin die dei independentistei. Marian Beitialarrangoitiaren aurkako auzi saioaren karietara ateratako oharrean, "prozesu demokratiko bat ahalik eta lasterren abiatzeko" nahia azaldu du ezker abertzaleak. "Ikusirik indar soziala badagoela eta gizarteak begi onez ikusten duela independentisten arteko elkarlana, bide hau egonkortzea, mamitzea eta trinkotzea dugu helburu". Haren arabera, geroz eta sektore gehiagok egiten dute "aldaketa politikoaren aldeko apustua".

Bide beretik hitz egin du Txelui Morenok, Info7 irratian egindako elkarrizketan. Haren arabera, "urratsak egiteko unea" da honakoa. "Beharrezko zubiak eta baldintzak jartzen hasi behar dugu, indar politiko guztien arteko akordioa lortzeko". Esan du proiektu guztiek behar dutela izan "egingarri eta defendagarri". Eta galdera egin dio Espainiako Gobernuari, onartzen ote dituen ezker abertzaleak agirian bere egindako Mitchell printzipioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.