Elkarlanaren ustez, azken albisteek frogatu dute AHTak ez duela zentzurik

Jaurlaritzari eskatu diote ez xahutzeko diru gehiago lanetan eta proiektua bertan behera uzteko

AHT Gelditu! Elkarlanak ekainean egin zuen manifestazioa Arrasaten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trena zentzurik ez duen proiektua dela frogatu da azken aldiko hainbat albisteren ondoren. AHT Gelditu! Elkarlanak horixe uste du behintzat. Azken egunotan prentsan azaldutako albisteek elkarteak orain arte azaldutako jarreraren egokitasuna adierazten dutela uste dute. Euren ustez, Euskal Y-a «zentzu ekologiko, ekonomiko eta sozialik gabeko proiektu baten zentzugabekeriaren isla baita. Eraikuntzako lobby-ek sustatutakoa, alegia». Hori dela-eta, erakundeei zein lanen arduradunei proiektua bertan behera uzteko eskatu diete, beste behin ere.

Akitaniako prefekturak duela bi aste argitaratutako gutunean azaldu zuenez, «Iparraldea zeharkatzen duen lerroa ez da beharrezkoa izango 2035 urtera arte». Horren ondorio nagusia da orain arte gaitza zen Hendaiarekiko lotura oraindik ere zailago egongo dela aurrerantzean. «Horrek arazo gehiago ekarriko dizkie». Gainera, Laborantza Ganberak ere proiektuaren aurkako jarrera azaldu du azken egunetan.

ELA sindikatuak egitasmoa goitik behera aztertu eta hortik ateratako ondorioen berri eman zuen duela pare bat aste. Sindikatuko kide Gurutz Gorrainek azaldu zuenez, «AHTaren eraikuntza lanetan parte hartzen ari direnek uste baino lan baldintza okerragoak dituzte». Izan ere, langileek hamaika edo hamabi orduko lana dute, eta segurtasun neurriak ez dira betetzen. Horrez gain, era irregularrean kontratatutakoak dira gehienak, eta orduko bi eurotik sei eurora bitarteko ordaina jasotzen dute, indarrean dagoen lan hitzarmena errespetatu gabe. Gorrainek salatu egin zuen sindikatuek AHTeko lanak ikuskatzeko orduan izaten dituzten zailtasunak.

Elkarlanaren ustez, Euskal Y-aren egoera «kezkagarria» bada ere, Espainian ikus daitekeena «are okerragoa» da. Datuen arabera, eta proiektuaren aurka daudenek behin eta berriz esandakoaren arabera, «lanen ondorioak bidegabekeria hutsak direla islatzen du».

Zailtasunak nagusi

AHT Gelditu plataformak esan duenez, egitasmoa «nahiko egoera larrian dago, zailtasunak dituzte eta ez dakite horiei nola erantzun». Horren adibidea izan daiteke Sevilla-Malaga arteko lerroa bertan behera uztea. Andaluziako Gobernuak ez du eraikiko oraingoz, dirurik ez duelako. Beste adibide bat da Portugalgo Gobernuak hartutako erabakia. Izan ere, Madril eta Lisboa lotuko lituzkeen abiadura handiko tren proiektua bertan behera uztea erabaki du. Horrek «egitasmoaren atzean dagoen bat-batekotasuna eta nahaste-borraste handia erakusten du».

Baina elkarlanarentzat larriena Enrike Urkijo Renfeko bidaiari saileko zuzendariak esandakoa da. Urkijoren hitzetan, Toledo-Cuenca-Albacete hirien arteko abiadura handiko tren zerbitzua bertan behera uztea «hondamendia» da. Nahiz eta eguneko batez besteko bidaiari kopurua bederatzikoa izan eta ibilbideak funtzionatu duen sei hilabeteotan hiru milioi euroko «diru xahuketa» egin.

Euskal Y-a «herritarren borondatearen gainetik egindako egitasmoa da. «Bilduk gure jarrerarekin bat egiten badu ere, proiektua Jaurlaritzari dagokio, eta koalizioak ezer gutxi egin dezake horren aurrean». Hala ere, elkarlana Bildurekin hitz egiteko prest agertu da.

Horren haritik, hauxe nabarmendu dute: «Jaurlaritzari eskatzen diogu gero eta urriagoa den ondare ekonomiko, kultural eta ekologikoa ez hipotekatzeko eta ez erabiltzeko aurrekontuan duten 9.964 milioi euroko zentimo bat ere». Elkarlanak uste baitu diru kopuru hori gastatzea «euskal populazio guztiaz barre egitea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.