Dena prest dute Urretxu-Zumarraga ikastolako kideek, urriaren 7an, Kilometroak jaia ospatzeko. Hirugarrenez antolatuko dute Gipuzkoako ikastolen aldeko festa, eta 1.500 boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute antolaketa lanetan. Herriko hainbat kultur elkarte eta eragileren laguntza ere izango dute. Hain zuzen, elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute, gaur, jaia aurkezteko egin duten prentsaurrekoan. "Zubiek batzeko, elkarrengana gerturatzeko eta harremanak sendotzeko duten garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Elkarrekin lan eginez indartsuago izateko aukera baitugu".
Urretxu-Zumarraga ikastola berrikuntza prozesu batean murgilduta dago, eskaintzen duen eredu pedagogikoa eraldatzeko. Helburu horrekin, hainbat berrikuntza lan egin ditu. Joan den udan, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako lehen zikloko guneak berritu zituen. Kilometroak jaian bilduko den dirua lan horietara bideratuko da.
Ibilbidea eta guneak
Aurtengo ibilbideak 5,9 kilometro luze izango ditu eta lau gune lotuko ditu, Zumarraga eta Urretxun barrena. Ikastola, Zumarragako plaza, Etxaburu eta Santa Barbara izango dira lau guneak. Ibilbidea guztiz irisgarria izango dela zehaztu dute antolatzaileek.
Urretxu-Zumarraga ikastola izango da lehenengo gunea, eta han emango zaio hasiera ofiziala festari, 09:30ean. Omenaldi ekitaldia ere hantxe egingo da, Lourdeseko Ama elizan. Aurten, ikastetxeetarako material pedagogikoa lantzen jardun duten irakasleak omenduko dituzte. 12:00etan izango da ekitaldi hori. Horrez gain, lehen guneak haurrentzako hainbat ekintza hartuko ditu: magia, dantza eta tailerrak, besteak beste. Gastronomia lehiaketa ere izango da, eta otorduak banatuko dituzte.
Zumarragako plaza nagusian kokatuko dute ibilbideko gunerik handiena, eta aniztasunari eskainita egongo da. Hainbat herrialdetako ohitura eta jakiak ezagutzeko eta probatzeko aukera izango da.
Herrigunetik kanpo, hainbat talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango da Etxaburuko gunean. Besteak beste, Willis Drumond, Voltaia eta Eraso taldeek joko dute.
Kontzertu gehiago izango dira Santa Barbarako gunean. Oso Fan, La Basu eta Hesianen emanaldiak izango dira, besteak beste.
Aurtengo leloan oinarrituta, Kilometroak jairako abestia egin dute Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolak, elkarlanean. Ska eta rap doinuekin deitu dute urriaren 7ko jaian parte hartzera.
[youtube]https://youtu.be/PO9fXSSeSns[/youtube]