Ez da sorpresarik izan Eudel Euskal Udalen Elkartearen zuzendaritza berriaren hautaketan. Ibone Bengoetxea Bilboko zinegotzi jeltzalea da atzotik Eudeleko presidente berria. Babes handiarekin hautatu dute, gainera, kargua beteko duen lehenengo emakumea: boto-emaileen %92rekin. Ez da harritzekoa hori ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk babestutako hautagaia izan baita. Hiru alderdi horiek egindako akordioaren ondorioz, sozialista izango da lehen presidenteordea: Jose Antonio Santano Irungo alkatea. Eta beste presidenteordea, Javier Maroto Gasteizko alkate popularra.
Bilduk eskuratu zuen udal hauteskundeetan hautetsi gehien. Hala ere, Eudeleko zuzendaritzan ez du tokirik izango. Batzorde eragileko 15 ordezkarietatik 9 jeltzaleak izango dira, 4 PSE-EErenak eta 2 PPrenak. Bilduko ordezkariek ohartarazi dute ez dutela botere banaketa soilaren lehian parte hartu nahi; beste ezer baino lehen, Eudelen izaerari, ereduari eta zereginei buruz hausnartu beharra dagoela adierazi dute, eta horregatik ez dutela parte hartu lehian. Batzarrera joan dira, eztabaida hasteko eskatu dute, eta abstentzioa eman dute bozketan. EAJk «bere burua kanporatzea» egotzi dio Bilduri. Eudeleko zuzendaritzan parte ez hartzea «okerra» dela esan dio. Bien bitartean, Bengoetxeak, «guztien parte hartzea» aldarrikatu du kargua hartu berritan egindako lehen hitzaldian.
Biltzarraren ondoren, arduradunak bozen zenbaketa egiten ari ziren tartea baliatu dute bai Bilduk bai EAJk haien hausnarketak plazaratzeko. Ibai Iriarte Tolosako alkateak azaldu du Bilduk bi udal eredu ikusten dituela; udalgintza ulertzeko bi modu daudela. «PSEk eta EAJk Eudelen garatu dutena» da bat, Iriarteren ustez; «alderdi interesei erantzuten diena nagusiki, udal eta herri interesen gainetik».
«Bilduk hemendik aurrera egin nahiko lukeena» da beste eredua; «udalen eta herriaren benetako beharrei» erantzungo diona. Hortaz, Eudel «udalentzako tresna baliagarria izan dadin egin beharreko aldaketei buruzko eztabaida sakona» egin dadila eskatu du. Zuzendaritza berriari eztabaidarako deia luzatu, «jarrera irekiz» doazela azaldu, eta «erantzunaren zain» daudela esan du.
Jarraian hartu du hitza Ricardo Ituarte Santurtziko alkate jeltzaleak. «Beti saiatu gara Eudel alderdi borroketatik kanpo uzten; beti saiatu gara adostasuna Eudelen lan eredutzat hartzen». Orain arte bezala jarraitu beharra aldarrikatu du, beraz.
Bilduri «bere burua zuzendaritzatik kanpo uztea» egotzi dio, hori «akatsa» izan dela esan dio, eta, «nahi izan balu», batzorde eragilean sei ordezkari izan zitzakeela gogorarazi dio.
Edozein kasutan, Ituartek ez du uste udalgintza eredu desberdinak daudenik, eta beraz, ez du uste eztabaidarik behar denik: «Eguneko beharrei aurre egitea da eredua; herritarren eskaerei erantzutea, eguneroko gauzei buruz hitz egitea». EAJ bide horretan lan egiteko prest «beti» egongo dela esan du. Areago, nahiago lukeela Bildu ere lan horretan aritzea, eta horretan saiatuko dela: «Ezarri dugun lan ildoetako bat da Bildu fikzio politikatik atera eta errealitatera eramatea. Beraiek gerturatzeko borondatea badute, EAJren besoak beti egongo dira zabalik Eudelen».
Zenbaketa amaitu eta datuen berri eman ostean, atzo arte Eudeleko presidente zenak, Jokin Bildarratzek, aginte makila eman dio Ibone Bengoetxeari.
Udal hautetsien zein Eudelen balioa aldarrikatu, eta elkarlanerako deia egin du presidente berriak. Elkarteak oinarri batzuk aldatu beharko dituela ere iragarri du; Udalen Lege berriak hartara behartuko dituela. Eta hori, «adostasunari eutsita» egiteko beharra nabarmendu du. Eudelen «guztien parte-hartzea» beharrezko dela adierazi, eta Bilduri egin dio erreferentzia, zuzenean aipatu ez duen arren: «Nahiko genuke ditugun eginbeharrak guztion artean egitea, baita ez dauden batzuekinere».
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak zuzendaritza berriari ongi etorria eman, eta harekin «harreman onak» izango dituen esperantza azaldu du.
Elkarlanerako deia egin du Eudeleko lehendakari berriak
Bildu akordiotik kanpo utzita, EAJk PSEk eta PPk Ibone Bengoetxea Bilboko zinegotzi jeltzalea hautatu dute presidenteEudelen izaerari buruzko hausnarketari heltzeko eskatu dio Bilduk zuzendaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu