Elkarrekin Podemos-IUren talde parlamentarioak jakinarazi duenez, mozioak erregistratuko ditu ordezkaritza duen EAEko udal guztietan, gizarte zerbitzuak indartzea eskatzeko: asmoa da etxerik gabe dauden pertsonen arretarako zerbitzuak hedatzea.
Koalizioak proposamenean jaso duenez, tokiko gobernuei galdegiten die hilabeteko epean aurkezteko «ezartzeke dauden zerbitzuak garatzeko plangintza egutegia», beharrezkoak diren baliabideak emate aldera; baita, hala badagokio, egoitzetako aurrekontua handitzeko ere. Mozioarekin, udal mailako gizarte zerbitzuen zorroa arautzen duen dekretua betearaztea eskatuko dute.
Haien arabera, pandemiak larriagotu egin du «kale gorrian dauden pertsonek pairatzen duten zaurgarritasun egoera», eta, horren ondorioz, beharrezkotzat jo dute etxegabetzeari aurre egiteko baliabideak egokitzea, horiek arreta aproposa jaso dezaten. «Jarritako bitartekoak ez dira nahikoak premiei aurre egin ahal izateko».
Ekimenak ere bultzatzen du gizarte zerbitzuen erabiltzaileekin «ebaluazio parte hartzailea» egitea, besteak beste, eskura dauden baliabideen «kalitatea, eraginkortasuna eta nahikotasuna» zehazteko; urtebeteko epea ezarri dute horretarako.
«Pandemiak bereziki jo ditu bizitzeko tokirik ez duten pertsonak; horregatik, erakundeetatik errealitate gogor horri aurre egin behar diogu, eta ahal ditugun baliabide guztiak jarri erronkei behar bezala erantzuteko», azpimarratu dute.