Genero indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna da gaurkoa, hots, milioika emakumek mundu osoan jasaten duen izurriaren aurkakoa. Hain zuzen ere, arazo hori salatzeko hainbat ekitaldi eta elkarretaratze egingo dira Euskal Herrian, besteak beste, hiriburu nagusietan.
Baionan seietan zen hastekoa elkarretaratzea, Herriko Etxearen aurrean, bortizkeriaren kontrako taldeak antolatuta. Bilbon 19:30ean Arriaga antzokiaren aurrean elkartuko dira, hainbat eragilek antolatutako ekitaldian. Donostian, ordu berean, manifestazioa egingo dute Bulebarrean hasita koordinadorak antolatuta. Gasteizen eta Iruñean 20:00etan dute hitzordua: Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazan elkarretaratzea egingo dute eta Iruñean manifestazioa abiatuko da Gaztelu plazatik. Hiriburuetan ez ezik, hainbat herritan egingo dira ekitaldi eta manifestazioak.
Gaur herritarren txanda bada ere, atzo agintari eta instituzioena izan zen. Besteak beste, Jaurlaritzaren Emakumearen Institutu Emakundek antolatutako Gizonduz ekimenaren ekitaldia izan zen Bilbon, eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria eta Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak parte hartu zuten. Indarkeria ezabatzeko erantzukizuna eskatu zieten agintariek gizonezkoei. Halaber, XXI. mendeko proiektu politiko nagusia berdintasuna dela iritzi zion Ibarretxek.
Emakumeen kontrako indarkeria
Elkarretaratze eta manifestazioak genero indarkeriaren kontra
Arazo horren aurkako nazioarteko eguna da gaurkoa. Instituzioek gizonezkoei erantzukizuna eskatu diete indarkeri ezabatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu