Emakumeen aurkako indarkeria

Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte 17 hilabeteko haurraren hilketa salatzeko

Hildako umearen amak onera egin du. Haurraren aldeko hileta gaur egin dute, Burgosen. Euskal Herriko hiri eta herrietan ehunka lagun bildu dira hilketa salatzeko.

Bilboko elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
2016ko urtarrilaren 28a
07:39
Entzun

Astelehen goizaldean Gasteizen izandako hilketa eta erasoa gaitzesteko, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta herri ugaritan bildu dira. Mugimendu Feministak deituta, Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko udaletxe aurrean elkartu dira.

Gasteizko gertakariaren ondoren, "oso haserre eta nazkatuta" daudela adierazi du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren Plataformak: "Emakumeon aurkako indarkeria kasu baten aurrean gaude, eta gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa egin nahi dugu". Salatu dutenez, emakumeen aurkako indarkeriak "ez du etenik", eta, hori dela eta, "amorrua, nekea eta haserrea" sentitzen dute. Emakumeek aske bizitzeko duten eskubidea eskatzen ari dira gaurko protestetan. Unibertsitateko ikasleek manifestazioa egin zuten atzo Gasteizen, hilketa salatzeko, eta lorez, panpinaz, kandelaz eta gaitzespen mezuz bete dute herritarrek Gasteizko Askatasuna kaleko 14. atari aurrea, urte eta erdiko haurra lurrean aurkitu zuten lekua.

Haurraren hileta gaur arratsaldean egin dute, Burgosen (Espainia). Amaren osasun egoerak hobera egin du, eta zainketa berezietatik atera dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Emakumeak 18 urte ditu, eta erasotzaileak zauri ugari eragin zizkion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.