INDARKERIA MATXISTA

Elkarretaratzea egin dute Bidarten, azken hilketa matxista salatzeko

Ustez senarrak eraso zion astelehenean, eta gizonak bere burua urkatu zuen ondoren; Feministok Prest mobilizazioan ere gogoratuko dute, bihar, Gasteizen.

jarraia121489.jpg
Maialen Unanue
2016ko apirilaren 8a
10:42
Entzun

Oso larri aurkitu zuten Natalie Van Put Bidarteko (Lapurdi) Bassilour industrialdean astelehenean, eta, atzo jakinarazi zutenez, asteartean hil zen, Baionako erietxean, buruan zituen kolpeen ondorioz. Senarrarekin batera lan egiten zuen lokalean aurkitu zuten 34 urteko andrea: gizonak bere burua urkatu zuen ustez emazteari eraso egin ondoren. Atzo egin zioten autopsia andrearen gorpuari, eta gaur jakingo dituzte lehenengo emaitzak, Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorearen arabera. Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Bidarten, Donibane Lohitzunerako (Lapurdi) bidean den bidegurutzean.

«Nazkatuta» daudela salatu du Mundu Martxak, ohar bidez: «Haserre ez, oso haserre gaude. Beste behin ere, emakumeon aurkako indarkeria kasu baten aurrean gaude. Gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa egin nahi dugu ezer baino lehen». Indarkeria matxista «etenik gabea» dela azpimarratu dute, eta horren aurrean «amorrua, nekea eta haserrea» agertu dute.

Vuelta Simonek jakinarazi duenez, garun heriotzaz zendu zen Van Put, asteartean, eta medikuek asistentzia gelditu zioten gauean; asteazkenean jakinarazi zioten Van Puten heriotza. Gaur jakingo dituzte autopsiaren lehen emaitzak, baina aurrerago jasoko dute txosten osatua: «Behar baitira azterketa gehigarriak, eta gaur [atzo] lan eginen duten medikuek itxarongo dituzte azterketen emaitzak: fluidoen analisia, ehunak... Baina jakinen dugu gehiago bihartik aitzina».

«Drama familiarra» hitzak erabili zituen Vuelta Simonek gertakaria definitzeko, erasoaren berri izatean. Horri egin dio erreferentzia Amaia Fontang Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feministako kideak: «Maleruski, berriz bildu beharko gara jendartearen arazo oso bat denaren inguruan. Lehenik, aski dela erraten dugu, eta nabarmendu ez dela arazo pribatu bat, hainbat hedabidetan ikusten den bezala. Guk ezetz erraten dugu: hori jendarte arazo bat da; denen erantzukizuna bada hor. Gure auzoan, gure familian, horrelakoak pasatzen dira, eta ez ditugu begiak ixten ahal. Beraz, lehenik, aldarrikatu nahi dugu arazo publiko bat dela, eta ez pribatua».

Indarkeria matxista desagerrarazteko beharra jarri du mahai gainean Fontangek: «Euskal Herrian, beste hainbat tokitan bezala, jendarte osoa birpentsatu behar da; bereziki, gizon eta emakumeen arteko harremanak». Arazoaren gakoa, hain zuzen, harreman horien nolakotasunarekin hertsiki lotuta baitago, haren esanetan: «Gizonek emazteen gainean dutelarik boterea, gauzak ez dira aldatuko. Jendarteak portaera sexistak onartzen ditueno, ez dira gauzak aldatuko».

Aterabidea hezkuntzan dago, Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feministaren ustez. «Hezkuntzaren bidez hasten da jendartearen aldaketa, gizonen eta emazteen arteko harremanak: bestelako hezkuntza bat behar da, eta instituzio eta botere publikoek hartu behar dituzte beren erantzukizunak». Erakundeetan ez ezik, norbanako bakoitzarengan ere bada ardura hori, Fontangen esanetan.

Gaurko elkarretaratzera joateko deia egin dute Fontangek eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, baita bihar Gasteizen egingo den Feministok Prest mobilizaziora joateko deia ere. Hain zuzen ere, indarkeria matxista salatzeko mobilizazioa izango da, 11 eraso 12 erantzun lelopean egingo dena. Van Puten hilketa ere gogoan izango dute, erasoak arazoaren tamainako erantzuna behar baitu, Fontangen hitzetan: «Gure deialdia egiten dugu Euskal Herriko plataformaren izenean, Iparraldean antolatuak gauden arren Euskal Herri osoan baititugu horrelako dramak. Beraz, Euskal Herri osoan behar ditugu aterabideak atzeman».

EHZko Brigada Ubeleko Pauline Guellek, mobilizazioetarako deia egiteaz gain, arazoaren larritasunaz ohartarazi du: «Erakusten du oraino desberdintasun larriak direla gizonen eta emazteen artean: desberdintasunak baino gehiago, menderatzaile bat eta eratsozaile bat badela».

«Zero tolerantzia»

EH Baik eta EH Bilduk bat egin dute, elkarrekin, Euskal Herriko Mundu Martxaren mobilizazioarekin eta Feministok Prest deialdiarekin. Ohar baten bidez, Van Puten hilketa salatu dute, eta eraso sexistekin «zero tolerantzia» izateko beharra aldarrikatu dute. «Emakumeen aurkako abusuak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larri bat dira, bai eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere».

Bi taldeek nabarmendu dutenez, halako erasoek «egiturazko arazo bat» dagoela erakusten dute, «pertsonek beren generoaren arabera dituzten botere egoerei zuzenki lotutakoa». Horrez gain, salatu dute instituzioak ez daudela «egoeraren larritasunak eskatzen duen mailan, ez prebentzio, ez hezkuntza alorrean». Izan ere, gogoratu dutenez, gizona 2014an kondenatua izan zen arren, ez zuten hartu «bestelako prebentzio neurririk» .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.