Bateragune auziaren aurkako elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, Eskubide guztiak guztiontzat. Auzipetuak askatu lelopean.
Bertan izan dira, besteak beste, Maribi Ugarteburu, Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Tasio Erkizia, Karmelo Landa eta Juan Joxe Petrikorena ezker abertzaleko kideak, Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatua, Maritxu Goikoetxea eta Jon Salaberria Aralarreko kideak, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia.
Ugarteburuk esan du "Euskal Herriko gehiengo handi batek" Espainiako Auzitegi Gorenak absoluzioa ematea baino ez duela ulertuko. Arnaldo Otegi-eta libre uztea "gatazkaren konponbiderako" ona litzatekeela uste du ezker abertzaleko kideak.
Bost auzipetuak "jarduera politikoa erabat modu demokratikoan" egiteagatik zigortu zituztela salatu du, eta operazioarekin Espainiako Estatuak ezker abertzalearen apustu estrategikoa trabatu nahi izan zuela. "Ezin izan zuen".