Atentatua Frantzian

Elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian guardia zibilen kontrako erasoa salatzeko

Jaurlaritzak eta Eudelek erakundeen atarietan batzera deitu dituzte herritarrak. Fernando Trapero guardia zibilak koman jarraitzen du Baionako erietxean.

2007ko abenduaren 3a
15:49
Entzun
Eusko Jaurlaritza, Eudel eta FEMP Espainiako Udal eta Probintzien elkartearen deialdiari jarraiki, elkarreratzeak egin dituzte gaur 12:00etan hasita Hego Euskal Herriko instituzioen atarietan, ETAk larunbatean guardia zibil bat hil eta beste bat oso larri zauritu izana salatzeko. "Indarkeriaren kontrako arbuioa eta gaitzespena" adieraztera deitu ditu, zehazki, Jaurlaritzak.

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzaren lehendakariak Lakuan (Gasteiz) egin du protesta, zazpi kontseilarirekin. Bilboko udaletxearen aurrean izan dira Iñigo Urkullu EAJren EBBren presidente berria, Unai Ziarreta EAren idazkari nagusia, Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia, Javier Madrazo EBren koordinatzaile nagusia, Leopoldo Barreda PPren legebiltzarkidea...; hiru herritar Espainiako bandera eskuan zutela izan dira.

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuaren lehendakaria, berriz, Iruñeko elkarretaratzean izan da, eta bihar "nafar denen izenean" Madrileko manifestazioan izango dela jakinarazi du. "ETAko hiltzaile kuadrilari" aurre egiteko, "demokraten batasuna, Poliziaren eraginkortasuna eta nazioarteko lana ezinbesteko" direla esan du.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, "ETAk borroka galdua" dauka, eta "berak badaki hori". Erakunde armatuak "atzera" egin duela dio Azkaratek, eta "euskal gizartea aurrean" izango duela. "ETArik gabeko etorkizuna nahi dugu".

Larunbat goizean Guardia Zibileko bi kide tirokatu zituzten Capbretonen (Landak, Frantzia), ustez ETAko bi kidek. Bietako bat, Raun Centeno 24 urteko madrildarra hil egin zuten, eta bestea, Fernando Trapero 23 urteko madrildarra, oso larri zauritu. Hain zuzen ere, bigarren horrek koma sakonean jarraitzen du Baionako Cote Basque erietxean. Medikuek atzo agertu zutenez, jarduerarik ez diote antzematen burmuinean.

Gaurko elkarretaratzeak ez ezik, beste zenbait ere antolatu dira erasoa gaitzesteko. Hala, atzo iluntzean elkarretaratzeak egin ziren BAKek eta Ermuko Foroak -bakoitzak bere aldetik- antolatuta. Bihar, berriz, manifestazioa egingo da Madrilen Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztien onespenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.