Gradu aldaketa eta baldintzapean aske ateratzea eskatu dute 99 preso horiek, joan den ostegunean abokatuek eta senideek prentsaurrekoan azaldu zutenez. Hala ere, 25 urtetan oso preso gutxik lortu dutela baldintzapeko askatasuna nabarmendu zuten, eta eskuratu izan dutenean, berehala, erabakia atzera botatzeko neurriak hartu izan dituela Espainiako Justiziak.
Nolanahi ere, baldintzapeko askatasuna euskal presoen eskubideetako bat dela agertu zuten prentsaurreko horretan Iñaki Goioaga eta Jon Enparantza abokatuek, eta elkarretaratzeak deitu zituzten gaurko eskubide hori bete dadin eskatzeko.
Eguerdiko 12:00etatik 12:30etara bitartean egin dira protesta ekitaldi horiek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko epaitegien atarietan, eta ehunka lagunek parte hartu dute haietan. Bilbon arazoak izan dituzte ertzainekin, bildutako batzuk identifikarazi baitituzte, eta ekitaldia bertan behera uzteko eskatu baitiete.
Donostiako elkarretaratzean Jon Enparantza abokatuak adierazi duenez, presoen kontrako errepresioa areagotu egin da azkenaldian: batetik, espetxeetako baldintzak txartu direlako, eta, bestetik, Espainiako Gobernuak legea gogortu duelako. Besteak beste, gehieneko espetxealdia 30 urtetik 40ra luzatu du Espainiako legedi berriak. Gradu aldaketa eta baldintzapeko askatasuna eskatu dituzten 99 preso horien artean zigor kode horrekin epaitutako inor ez dagoela agertu du Enparantzak, baina, hala ere, zigorren gogortzea atzeraeraginkortasunez aplikatuko ote dieten beldur direla.
Euskal presoak
Elkarretaratzeak egin dituzte zigorraren hiru laurdena beteta duten presoak aska ditzaten eskatzeko
Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko epaitegien aurrean elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian, zigorraren hiru laurdena beteta duten 99 euskal presoak libre utz ditzatela eskatzeko. Hain justu, zigorraren zait hori beteta, hirugarren gradura igaro eta baldintzapeko askatasuna erdiesteko eskubidea dute preso horiek, baina Espainiako Espetxe Zaintzarako agintariek ukatu egiten diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu