Miarritzen bihar egingo dute elkarretaratzea, arratsaldeko sei orenetan, Clemenceau plazan. Gainerako elkarretaratzeak gaur egingo dituzte: Bilbon, Arriaga plazan, 19:30ean; Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan, 20:00etan; Donostian, San Frantzisko elizaren aurrean, 19:30ean; Iruñean, udaletxe aurreko plazan, 20:00etan. Beste herri batzuetan ere egingo dituzte protestak: Gipuzkoan, Arrasten, Azpeitian, Errenterian, Irunen, Tolosan eta Zarautzen. Nafarroan, Altsasun, Leitzan eta Lizarran. Eta Bizkaian, Algortan, Portugaleten eta Zornotzan. Iluntzean izango dira elkarretaratze guztiak.
Emakumeen Mundu Martxako plataformak ohartarazi du emakumeen «mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismoa» dela haien kontrako indarkeria, eta «patriarkatuaren oinarrian» dagoela. Emakumeen aurkako indarkeria «eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa» dela nabarmendu du, eta herritarrei eskatu die gaurko eta biharko protestetara joateko. Plataformak zehaztu du sei emakume hil direla aurten, indarkeriaren ondorioz: Elena Cal, Amelia Sanchez, Isabel Velez, Bonifacia Ruiz, Amelia Amaia eta, orain, Annie Froment.
Plataforma osatzen dute Bizkaiko Emakumeen Asanbladak, Bilgune Feministak, Andere Bidatz elkarteak, Hazparneko Emazteek Diote taldeak, Bortizkeriaren kontrako protokoloak, PAF Alternatiba Feminista Baten Aldeko taldeak, Anezkak, Mugarik Gabe eta Mundu Bat elkarteek eta EHNE, EILAS, ELA, ESK eta LAB sindikatuek. Bilgune Feministak ere dei egin du, bere aldetik, gaurko eta biharko elkarretaratzeetara. Irailaren 14an atxilotutakoen tortura salaketak gogora ekarri ditu Bilgune Feministak, baita Gasteiz eta Bilbon jazotako bortxaketa eta erasoak ere. «Kasu hauek guztiek argi uzten dute indarkeria sexista ez dela zerbait isolatua, jendarte honen egiturekin erabat lotuta dagoen tresna baizik», salatu du.