Bi lagunen kontrako epaiketa hasiko da datorren astelehenean, "desobedientzia" eta "autoritatearen kontrako atentatua edota erresistentzia" egotzita. Oraingoz, bi urteko kartzela zigor eta isun ekonomiko eskaria iritsi zaie hamabost auzipetuetatik bederatziri.
"Eskubide zibil eta politikoen urraketa" salatzeko agerraldia egin du Eleak mugimenduak, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Hain zuzen, 2015eko maiatzaren 17an herri harresia eraiki zen toki berean agertu nahi izan diete babesa ekintza horretan parte hartzen ari zirela atxilotu eta ondoren auzipetu dituzten hamabost lagunei.
Hamabost auzipetuen izenean hitz egin du Izaskun Goienetxeak, eta haien kontrako epaiketa bultzatu dutenei mintzatu zaie. "Elkartasuna eta maitasuna epaitu nahi dituzue, baina ez zarete inor gu epaitzeko. Elkartasuna eten, gazteak jipoitu eta, egoera bidegabeen aurrean, beste aldera begiratu edo lege injustuak ezartzen jarraitu nahi duzuenok ez zarete inor gu epaitzeko".
Ibon Esteban, Igarki Robles eta Aiala Zaldibarren atxilotzearen kontrako desobedientzia ekitza izan zen Gasteizko herri harresia. Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru gazteen atxilotze agindua emana zuen, Segiko kide izatea egotzita. Hiru orduko erresistentzia pasiboari bortizkeriaz erantzunda eraman zituen Ertzaintzak. Aiala Zaldibarrek elkartasuna adierazi die ekintza horretan parte hartzeagatik zigortuak izateko arriskuan daudenei. "Atzo, haiek gurekin egin moduan, babestuko ditugu guk orain".
Zaldibarrek azpimarratu du "militante politikoak izateagatik" izan zirela haiek "atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak". Babestu asmo dituzten hamabost auzipetuak ere militante politikoak direla azpimarratu du. "Justizia eta legearen aurrean erabakitzera behartu zituztenean, justizia aukeratu zuten. Gurekin batera, gu inguratuz eta babestuz, eseri ziren plaza honetan; legearen zein borren pisua haien gainean eror zitekeela jakitun".
Epaiketek abenduaren 13an izango dute jarraipena. Ordurako protesta ekintza gehiago iragarriko direla aurreratu du Eleak mugimenduak.