Elkarrizketa eskaini diote elkarri EAJk eta Zapaterok

Hizketarako prestasuna duela esanez erantzun dio Espainiako gobernuburuak Urkulluren proposamenari

Imanol Murua Uria.
2008ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Lehenengo keinuak egin dizkiote elkarri EAJk eta PSOEk, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako Gobernuko aginteari eustea lortu ostean. Igande gauean «euskal gizartearen arazoari irtenbidea emateko» elkarrizketa proposamena egin zion Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapaterori, aurrena telefonoz izan zuten elkarrizketan eta gero prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, eta atzo lehen erantzuna eman zion Espainiako Gobernuko presidenteak: «Nire jarrera elkarrizketa horren aldekoa da».

PSOEk gehiengo zabala izango du Espainiako Kongresuan 169 diputaturekin, eta ez luke arazorik izan behar gobernua osatzeko. Baina gehiengo osorik ez duenez, aurreko legealdian bezala sostenguak bilatu beharko ditu gainerako taldeen artean, lege egitasmoak aurrera atera ahal izateko. Ildo horretan, indar parlamentario guztien hitz egiteko asmoa agertu zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok atzo, PSOEko zuzendaritza federalak hauteskunde emaitzak aztertzeko egindako bileraren ondoren.

Gehiengo osoa lortzeko zazpi diputaturen babesa beharko du PSOEk, EAJren taldeko sei diputatuak baino bat gehiago, alegia. Botoetan nabarmen jaitsi eta diputatu bat galdu arren, Kongresuko indar korrelazio berrian giltza eragingarria izan dezakete EAJko sei diputatuek, CiUko 11ek bezala, ERCren eta IUren jaitsieraren ondoren itunen jokoan zer esan handiagoa izan baitezake.

Testuinguru horretan agertu zuen Rodriguez Zapaterok EAJrekin hizketan hasteko borondatea. Elkarrizketa horrek «euskal arazoari» irtenbidea emateko helburua izan behar duela esan zuen herenegun Urkulluk -«orain aukera historikoa daukagu»-, baina Rodriguez Zapaterok ez zuen elkarrizketa horren mamiari buruz ezer zehaztu. Joan den legealdian ere EAJrekin hitz egin zuela gogorarazi zuen Espainiako Gobernuko presidenteak eta, besterik gabe, bezperan telefonoz Urkulluk proposatutako elkarrizketaren alde dagoela esan zuen. Elkarrizketaren nondik norakoak «datozen asteetan» zehazten hasiko direla gaineratu duen.



ERREFERENDUMARI, EZ. Galdera bati erantzunez, EAJrekiko elkarrizketak Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak datorren urrian egin asmo duen herri galdeketarekin zerikusirik ez duela eman zuen aditzera Rodriguez Zapaterok, erreferenduma legez kanpokoa litzatekeenez ezingo duela egin berretsi baitzuen. Hain zuzen ere, Ibarretxek joan den irailean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen egitasmoaren arabera, datorren ekaina bitartean saiatu beharko lukete bi gobernuburuek normalizazio akordioa hitzartzen eta, akordioa lortuz gero, itun horri buruzko galdeketa egingo litzateke urrian. Akordiorik ez balego ere galdeketa egingo duela esana du Ibarretxek, Eusko Legebiltzarrak horretarako onespena emanez gero. Herenegun eta atzo elkarri egindako keinuetan, dena den, EAJ alderdiaren eta Espainiako gobernuburuaren arteko elkarrizketaz aritu dira bai Urkullu eta bai Rodriguez Zapatero, eta ez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egitekoaz.

Euzko Alderdi Jeltzaleko Euzkadi Buru Batzarrak bilera egin zuen atzo, ohi bezala Ibarretxeren parte-hartzearekin, herenegungo hauteskundeetan izandako emaitzak aztertzeko eta hemendik aurrerako estrategia zehazten hasteko. Bilera ondoren balorazio publikorik ez zuten egin jeltzaleek, eta gogoetaren ondorioak bihar edo etziko agerraldi batean azalduko dituztela jakinarazi dute.

Josu Erkoreka diputatu aukeratu berriak egin zituen balorazioak atzo EAJren izenean, telebistan eta irratian egindako adierazpenetan. Urkulluk bezperan bezala, Euskal Herriaren normalizaziorako eta baketzerako prozesuan engaiatzeko eskatu zion Rodriguez Zapaterori Erkorekak, eta bide horretatik joanez gero EAJren talde parlamentarioaren laguntasun eskaini zion: Zapaterok PSE-EEk lortutako bederatzi diputatuak «euskal politikaren normalizazio prozesuaren alde» jartzeko konpromisoa hartzen badu, EAJren taldearen laguntza izango duela ziurtatu zion, «betiere bere planteamenduak gure egiteko moduko badira».

Rodriguez Zapaterok emaitzei buruz zer irakurketa egiten duen itxoin behar dela esan zuen Erkorekak, ikusteko dagoela Espainiako Gobernuko presidenteak «euskal politikaren normalizazio politikoari» bere agenda politikoan sartzeko moduko garrantzia ematen dion.

EAJk izandako jaitsiera «koiunturazkoa» dela esan zuen Erkorekak: haren ustez, PPri galga jartzeko bozkatu zuten euskal herritar askok, «bipolarizazio basatiaren ondorioz».



PSE-EEren emaitzak «historikoak» izan direla esan du Zapaterok

Alderdi sozialistaren emaitza on orokorren barruan, PSE-EErenak «modu berezian» baloratuzituen atzo PSOEko zuzendaritza federalak, Jose Luis Rodriguez Zapaterok bileraren ondoren esan zuenez. PSE-EEren emaitzek «oso balio politiko handia» dutela esan zuen Espainiako Gobernuko presidenteak, eta historikoak izan direla.

PSE-EEko kideen «ausardia, duintasuna, ahalegina eta adorea» nabarmendu zituen Zapaterok, eta «oso une zailak» bizitzen ari direla gogorarazi. Ildo horretan, Isaias Carrascoren alaba Sandra ekarri zuen gogora gobernuburuak, ETAk aita hil ondoren erakutsitako «heldutasun eta duintasun eredugarriagatik».

Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak, hain zuzen, Isaias Carrasco ETAk hildako Arrasateko zinegotzi ohiari eskaini zion hauteskundeetako garaipena, PSOEko zuzendaritza federalaren bilerara sartu aurretik egindako adierazpenetan.

Miguel Buen Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, «gogoeta sakona» egiteko eskatu zien EAJri eta EAri. Buenen ustez, EAJren eta EAren jaitsiera «izugarriak» adierazten du euskal gizarteak ez dituela babesten «ez apustu apurtzaileak ezta abenturak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.