Bere herriko bake eta normalizazio politikorako negoziazioei ezezkoa eman zion pertsona bat gatazkak konpontzeko elkarrizketa baino bide egokiagorik, zentzuzkoagorik eta eragingarriagorik ez dagoela defendatzen entzuteak zur eta lur utz dezake bat baino gehiago. Baina herenegun Londresko Parlamentuan, Gatazka Gaietarako Alderdi Askotariko Parlamentari Taldeak euskal auziaz antolatu zuen hitzaldi eta eztabaida foroan, horixe gertatu zen, eta hunkigarria izan zen.
Jeffrey Donaldson du izena, eta Erresuma Batuko legebiltzarkidea da, Irlandako iparraldekoa. Unionista da, Ian Paisley historikoaren DUP Alderdi Demokrata Unionistakoa. Estrasburgoko legebiltzarrera ere joan ohi da, Europako Kontseiluko eta Europako Segurtasun eta Defentsarako Kontseiluko parlamentarien biltzarretara. Bere alderdia bezala, Donaldson ere Irlandako iparraldeko bake prozesuaren etsai nagusia izan zen 90eko hamarkadan. Asko aldatu da orduz geroztik. Zainetaraino da unionista oraindik. Politika egiteko eta arerio politikoari begiratzeko ikusmoldea zeharo aldatu zaizkio, ordea.
Aldaketa horren lekuko izan ziren herenegun Westminsterko legebiltzarrean euskal gatazkaz egin zen hitzaldi eta eztabaida saiora bildutako guztiak. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eman behar zuen hitzaldia, baina azken orduan, Espainiako enbaxadak egindako presioaren ondorioz, Askatasunerako Fundazioko kide Guillermo Barredok ere parte hartu zuen hitzaldian. Espainiako Gobernuaren ordezkari ez izan arren, argi zegoen foroan bildutako parlamentari, gonbidatu eta entzuleentzat hark betetzen zuela egiteko hori. Donaldsonentzat ere bai. Horregatik, Barredok euskal gatazka bazegoela ere ukatu zuenean eta Currinen eta Nazioarteko Harreman Taldearen egitekoa gutxietsi, deitoratu eta menostu zuenean, diputatu unionistak ez zuen alferrik galdu nahi izan Barredori eta haren bidez Espainiako Gobernuari jarrera alda dezaten aholkatzeko aukera.
«Ezaguna egiten zait zure diskurtsoa. Hitz horiek berak edo antzekoak erabili genituelako guk ere Irlandako iparraldeko bake prozesuan. Damu naiz, damu gara orduan erakutsitako jarreraz», bota zion Barredori hitz egiteko lehen aukera izan zuenean. «Atzera begira, prozesu hartatik atera nuen ikasgai nagusia izan da elkarrizketari sekula ez zaiola uko egin behar, geuk ere hasieratik heldu beharko geniokeela elkarrizketari».
Ezaguna da, garai hartan Paisleyri Dr. No deitzen zioten, negoziazioari eta negoziazioetan lortutako akordioei ezezkoa emateagatik.
Barne bidaia deitzen dio Donaldsonek, intransigentziatik elkarrizketaren defentsara igarotzeari. Barne bidaia pertsonala eta kolektiboa, biak egin behar direla dio. Eta berea kontatzen du, gaztetatik inplikatu baitzen Irlandako iparraldeko gatazkan. Soldadu egin zen eta IRAren aurka borrokatu zen. Gero, politikari heldu zion.
Negoziazioei ekin zietenean ezezkoaren taldean kokatu zen. Hegoafrikako gatazkaren konponketan eragile izan zirenak ezagutu eta haien esperientziekin aberastu zirenean aldatu zen Donaldson. «Geure jarreretan geure postulatu ideologikoetan itsututa jokatu izan dugu askotan. Baina gatazka batean eragiten den sufrimendu hori guztia, sortzen den izu hori konpondu nahi bada, ez dago beste erremediorik: ikuspegia aldatu eta aurrean duzuna zeu bezala pertsona dela onartzen hasi behar duzu». Mitchellen printzipioak aipatzen ditu behin eta berriro. Horietan oinarrituta elkarrizketak amaiera ona ziurtatua duela uste baitu.
Beste herrialdeetako auziez inori leziorik emateko ez dagoela aitortu arren, Donaldsonek ez du aukerarik galtzen beren esperientzia gatazkaren bat duten herrialdeetako beste batzuekin partekatzeko, bereziki gatazka horietan Irlandakoan DUPek zeukan jarreraren antzekoa agertzen dutenekin. Europan ere, Europako Legebiltzarreko Alderdi Popularreko kide espainiarrei behin eta berriz esan die elkarrizketari ukorik ez egiteko, «gu bezala damuturik amai ez dezaten; hurrengo belaunaldiek barkatuko ez dieten jarrera har ez dezaten».
Elkarrizketa ukatzeagatik ikasitako lezioa
Barne bidaia deitzen dio Donaldsonek intransigentziatik elkarrizketaren defentsara igarotzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu