Elkarrizketarako eskua zabalduta amaitu du bi asteko kanpaina EH Bilduko lehendakarigaiak, Laura Mintegik. «Elkarrizketaren kultura zabaldu behar dugu, gizarte osora iristea lortu. Bidea ez da bozekin amaituko». Hauteskundeak ibilbidean puntu esanguratsua izango direla uste du Mintegik, baina ohartarazi du helmuga ez direla. «Bozak irabaztea bada helburua, baina ez hori bakarrik. Herri aske eta justu bat izatea Europan, hori da helburua». Nabarmendu du EH Bildu ez dela bozetarako batuketa hutsa. «Gurea ez da hauteskunde lasterketa. Herri proiektua da».
Donostian amaitu zuen atzo arratsean kanpaina EH Bilduk, Konstituzio plazan ekitaldi bat eginda. Dozenaka eta dozenaka jarraitzaile batzea lortu zuen, eguraldi makurrari aurre eginda. Ateri egin zuen ekitaldiaren hasieran, baina Mintegiren hitzaldian ziri-miria bizi-bizi hasi zuen.
Gipuzkoako erakundeetako ordezkari ugari batu ziren hautagaiei babesa agertzera; besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. Ospakizun girokoa izan zen ekitaldia; Beñat Gaztelumendik sarrerakoa egin zuen, bi neskak kantatu ere bai. Izagirrek berak poesia kutsuko testu bat eraman zuen ekitaldira.
Kanpainaren errepasoa Xabier Isasi Gipuzkoako zerrendaburuak egin zuen. Salatu zuen Arnaldo Otegi zigortu egin dutela, Enara Rodriguezi espetxetik bueltan poliziek eraso egin ziotela eta EH Bilduko hautagai bati jazarri egin diola Ertzaintzak. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zena uneoro gogoratu zuen —«harro ikusiko zukeen EH Bildu»—, eta dei berezia gazteei egin zien, koalizioarekin bat egitera.
Patxada handiz jardun zuen, ohi duenez, Mintegik. Atzera-begirakoa egiteko eskatu zien jarraitzaileei. «Arin ari dira joaten gauzak: Bildu orain urte eta erdi sortu zen; Amaiur, orain urtebete; eta EH Bildu, orain bost hilabete, eta Jaurlaritzara iristeko bezperan egon gaitezke». Koalizioaren funtsa defendatu zuen: «Gurea ez da siglen batuketa hutsa. Indar geldiezina sortu dugu, independentista eta ezkertiarren proiektua».
Krisiaz eta haren ondorioez luze aritu zen. Justizia sozialaz. «Buelta eman behar zaio egoerari, pertsonak ardatz jarri. Sektore publiko indartsu bat, zerbitzu emateko: dirua izan zein ez; hemen jaiotakoa izan zein ez». Hankak lurrean izango dituztela agindu zuen. «Nondik abiatzen garen badakigu, eta oraingoari erantzun behar diogu. Nora heldu ere badakigu: gizarte justu batera».
Independentzia horretarako bidetzat jo zuen. «Ez dugu koartada historikorik behar. Gure eskubidea da. Euskaldun izan nahi dugu, espainiar edo frantziar abizena gabe». Erabakitzeko eskubideaz akordioak lortzea jarri zuen xede.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu
Elkarrizketaren beharra nabarmenduz itxi du hauteskunde kanpaina Mintegik
EH Bilduko hautagaiak nabarmendu du «herri proiektu bat» daukala EH Bilduk: «Gurea ez da bozetako lasterketa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu