Elkarrizketarik sakonena

'Esan eta egin, Joxe Elorrietari elkarrizketa' liburua aurkeztu du Imanol Murua Uria kazetariak. "Badu zer azaldua, ELAk sakon-sakoneko aldaketak egin dituelako bera idazkari nagusi izan zen bitartean".

2009ko azaroaren 25a
10:25
Entzun
ELAko idazkari nagusi izan zen hogei urteetan elkarrizketa asko egin zizkioten Joxe Elorrietari. Inoiz ez, ordea, hain sakonik. Esan eta egin, Joxe Elorrietari elkarrizketa liburua idatzi du Imanol Murua kazetariak, Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioak enkargua emanda. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten, sindikatuaren Bilboko egoitzan. 1988-2008an izan zen ELAko idazkari nagusi Elorrieta; iazko azaroan utzi zuen kargua.

Besteak beste, sindikalismoaz, militantziaz, ekonomiaz eta politikaz berba egiten du bertan Elorrietak. "30 bat ordu iraun duen elkarrizketa biografikoa" dela adierazi du kazetariak. “Badu zer kontatua eta zer azaldua idazkari nagusi egin dituen hogei urte horiei buruz. Zer azaldua, besteak beste, sindikatuak sakon-sakoneko aldaketak egin dituelako bera idazkari nagusi izan zen bitartean. Gernikako Estatutuari baiezkoa ematetik, 'Estatutua hil' egin dela aldarrikatu eta autodeterminazio eskubidea ipartzat hartuta abertzaleen arteko indar metaketaren bidetik prozesu soberanista bultzatu nahi izatera pasatu da ELA. Eta aurreneko Eusko Jaurlaritzekin sintonian lan sindikalerako egitura instituzionalak eraikitzen zuzenean lagundu ondoren, parte-hartze instituzionalari lehentasunik eman ez eta kontrabotereko sindikalgintzaren bideari ekin dio".

Murua Uriak urrian Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai liburua aurkeztu zuen, Joan Mari Torrealdairekin batera egindakoa, eta aste batzuk barru beste bat aterako du, Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) 2006ko udazkeneko negoziazio politikoei buruzkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.