«Elkartasun aktiboa» Errenterian

Hamazazpi auzipetuei babesa adierazi diete herritar ugarik Errenteriako Aske Gunean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean azaldu ez diren hiru gazteen atxiloketa saihesten saiatu dira.

jokin sagarzazu
Errenteria
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Madrilen epaiketa hasi behar zen ordu berean herritar ugarik babestuta azaldu ziren hiru gazteak Errenteriako Foru plazan atzo goizean. Epaileak haiek atxilotzeko agindua emango ote zuen zegoen airean, eta urduritasuna nabari zen giroan.

Egunak luze jo zuen. Errenterian geratzea erabaki zuten auzipetuei babesa ematera joandako herritarrak egun osoa eman zuten Foru plazako Aske Gunean. Eguerdia pasata, atxilotze agindua igorri zuen epaileak eta 17:00ak aldera azaldu zen Ertzaintza. Jendeak modu baketsuan, kartelak eskuetan eta demokraziaren aldeko oihuekin erantzun zien, eta hiru gazteak plazako musika kioskoko teilatura igo ziren. Ertzainek ez zuten atxilotzeko saiorik egin eta ordu laurdenera joan egin ziren.

Handik bi ordura, baina, berriz azaldu ziren ertzainak. Ingurua hesitu eta eskailera batekin kioskoaren teilatura igo ziren, eta hiru gazteak atxilotu zituzten. Aurrez idatzitako gertakaria izan zen atxiloketena. Hiru gazteek goizean eginiko agerraldian hori gertatuko zela sinetsita zeuden, eta lagunen besarkadak zein negar malkoek ez zuten besterik iragartzen.

Goizean, auzipetuen senide eta lagunek protesta egin zuten Donostiako auzitegian eta, Errenterian, prentsaurrekoa egin zuten eskualdeko hainbat pertsona ezagunek. Han izan ziren, besteak beste, Ricardo Maritxalar Langaitz ikastolako zuzendaria, Alaia Martin bertsolaria, Andres Fraile ELAko sindikalista, Mikel Erriondo EAJren udal batzordeko kidea, Luis Mari Ezeiza Orereta ikastolako lehendakaria eta Zorion Hortigosa LABeko sindikalista. Guztien izenean, Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak agiri bat irakurri zuen, eta gogora ekarri zuen hamazazpi gazteen aurkako akusazio idatzian azaltzen den «salaketa bakarra» Segi gazte erakundeko kide izatea dela. «Elkartze eskubidea eta ekintza politikorako eskubidea hutsaren hurrengo bihurtu dituzte. Legez kanpoko erakunde bateko kide izatearen salaketa, sekula frogatu gabea, Bateragune kasuan gertatu bezala, aitzakia hutsa da», salatu zuen.

Auzipetutako hamazazpi gazteen absoluzioa eskatu zuen Agirrezabalak, eta Auzitegi Nazionalak aurreikusitako gainerako «epaiketa politikoak» bertan behera uzteko exijitu zuen. Hori lortu dadin, baina, herritarren «elkartasun aktiboa» beharrezkoa izango dela nabarmendu zuen. «Bortizkeriarik, inoren aurkako mehatxurik eta inoren jazarpenik gabeko agertokiaren alde hartutako konpromiso zabalaren testuinguruan, funtsezkoa da tamaina bereko konpromisoak hartzea. Epaiketak, jazarpenak, atxiloketak, torturak eta presoak suntsitzeko diseinatutako espetxe politika gainditzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.