EUSKAL PRESOAK

Elkartasun ilarak

Irteera operazioarekin batera, urtero egin ohi dutenez, milaka herritar bildu ziren Euskal Herriko errepide sareko igarobide nagusietan, atzo, Etxerat elkarteak egindako deialdiari erantzunez

Eider Goenaga Lizaso.
2004ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Euskal errepideetan irteera operazioa urteetan izan da albiste; eta hala izaten jarraitzen du oraindik ere. Hala ere, udako irteera operazioak azken urteotan seigarren urtez jarraian kolore ezberdina hartu du; eta auto ilarak baino zerbait gehiago ikusten dugu errepidera irtenez gero.

Izan ere, presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzen duten bandera zuriek errepidea hartzen dute, irteera operazioaren lehen egunean; eta ikurrinak, pankartak eta bestelako ikurrak ikus daitezke N-1 errepidean, Donostiatik Gasteizerako norabidean. Baina, ez hor bakarrik: A-8 autobidean ere, Pausutik Bilbora bitartean, jende ugari elkartu da presoen Euskal Herriratzea eskatzeko; eta gauza bera Lapurdin, A-64 autobidean; edo Bilbotik Gasteizerako bidean,A-68an. Urtero bezala, Etxerat-ek egindako deialdiari erantzunez, milaka lagunek euren lekutxoa hartu zuten atzo euskal errepideko igarobide nagusietan eta, eguzki galdatan, ordubete egin zuten zutik, presoak Euskal Herriratzeko eskaera lau haizeetara zabaltzeko. Etxerat-ek ekimenari buruzko hainbat datu zabaldu zituen: Arrigorriaga inguruan 700 lagun elkartu ziren, 200 Baiona eta Hendaia artean, beste hainbeste Legorreta eta Beasain bitartean, 100 bat lagun Durango, Iurreta eta Zornotza inguruan, eta 125 Añorgatik eta Andoainerako bidean. Atzoko mobilizazioak bi xede nagusi zituen. Batetik, euskal gizarteari gogoraraztea gainontzeko herritarrek autoa hartu eta oporretara joateko gustura egiten duten bide hori, urtean behin pozez zoratzen egiten duten bidaia hori, presoen senideek astero-astero egin behar izaten dutela; astebete lanean pasatu ondoren, senide presoa ordu erdiz kristalaren beste aldetik ikusi ahal izateko milaka kilometro egin behar izaten dituztela; eta hori espetxe politikak behartuta egiten dutela, ez beren gogoz.Bestalde, irteera operazioarekin batera egiten duten ekimena beste modu bat da euskal presoen Euskal Herriratzearen alde dagoen mugimenduaren isla nazioartean zabaltzeko. Izan ere, Euskal Herriko errepideak Europatik Espainiara, Portugalera edo Afrikako iparraldera joan ohi diren bidaiari ugariren igarobide dira. Bidaiari horiek guztiek, pasaeran bada ere, aukera izaten dute euskal presoek eta haien senideek pairatzen duten sakabanaketa politikaren berri izateko. Horretarako, errepidea zeharkatzen duten zubietan pankarta erraldoiak jarri zituzten atzo, ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta euskaraz, preso eta errefuxiatuen Euskal Herriratzera eskatzeko; eta eskuorriak ere banatu zituzten, lau hizkuntzatan.

«What's on?»

Errepide bazterrean senide, lagun eta presoak Euskal Herriratzeko eskaerarekin bat egiten duten herritarrek behin eta berriro jasotzen dituzte elkartasun keinuak; auto askok agurtzen dituzte klaxona joz eta besoarekin eusteko keinua eginez. Badira abiadura jaitsi eta banderaz jositako errepide bazterrari begira, adi-adi, pasatzen direnak ere. Eta gutxienak izan arren, batzuk autoa errepide bazterrean gelditu eta euren jakin-mina asetzen saiatzen dira.

«What's on?», galdetzen dio Erresuma Batuko matrikuladun auto batetik jaitsitako gizonezko batek bandera eskuan duen gazte bati. Hark nolabait azaltzen dio euskal presoak ia 700 direla; Euskal Herrian soilik horietatik 11 daudela; Espainiako Estatuko espetxeetan batez beste 610 kilometroko distantziara daudela; Frantzian 844koa dela distantzia hori; senideek milaka, milioika, kilometro egiten dituztela urtean haiek ikusteko; iaz errepideetako kontzentrazioa egin zutenetik,Frantziak eta Espainiak aplikatzen duten espetxe politikaren ondorioz preso bat (Oihane Errazkin), preso ohi bat (Kepa Miner) eta bi senide (Sara Fernandez eta Leo Esteban)hil direla; aurten asteburu bakoitzeko istripu larri bat izan dutela senideek; presoak bisitatzeko senide eta lagunek hilabetean ia 1.500 euro xahutzen dituztela...

Irteera operazioa astero

Presoen senide eta lagunek astero prestatu behar izaten dute irteera operazioa, eta ordu erdiko bisitaren ostean, itzulera operazioari ekiten diote; isil-isilik, senide presoa espetxean uzteak sentiarazten duen hutsunearekin itzultzen dira, hurrengo asterako beste irteera operazio bat prestatu behar dutela jakinik.

Zaila da hori guztia errepide bazterrean gelditu den atzerritarrari azaltzen; hizkuntza eta denbora dira muga. Baina, atzoko ekimenarekin, nahi zuenak behintzat izan zuen aukera Euskal Herriaren, herri honek bizi duen gatazkaren, euskal presoen eta Espainiako eta Frantziako gobernuek haien kontra aplikatzen duten espetxe politikaren eta sakabanaketaren berri jasotzeko. Eskuorrietan hori azaltzen zen, laburrean eta gainetik bada ere.

-

BALORAZIO POLITIKOA



 

Etxerat: «Aldez aurretik prestatutako heriotzak dira»





Beasainen, errepide bazterrean, egin zituen adierazpenak Etxerat elkarteko kide Imanol Haranburuk. Atzoko ekimenaren helburuak azaldu eta sakabanaketaren ondorioak gogor salatu zituen. «Iaz hemen bildu ginenetik bi senide eta bi preso politiko galdu ditugu», nabarmendu zuen Haranburuk, «eta heriotza horiek ez dira kasualitatez gertatu, aldez aurretik prestatutako heriotzak izan dira».

«Ez da kasualitatea, ez. Aurten jada 28 istripu larri izan ditugu, astero gertatzen dira, eta 80 lagun zauritu dira. Baina, istripu horiek ongi pentsatutako politika baten ondorio dira. Lehen senideak bildu egiten ziren, elkarri babesa ematen zioten, eta espetxerako bidaiak batera egiten zituzten, arriskua gutxitzeko. Orain, espetxeetako zuzendaritzak bisitak ordu eta egun ezberdinetan ezartzen hasi dira, eta senide askok ezin izaten dute bidaia elkarrekin egin. Horrela, istripua izateko txartelak gehiago dira eta, gainera, bisita egiteko baimena duten lagunen murrizteak, txartelak jende gutxiagoren artean banatzea dakar», salatu zuen Haranburuk. Esan zuenez, presoek eta haien senide eta lagunek duten egoera gero eta gogorragoa da. «Bizi-baldintzak okertzen ari dira, barruan eta kanpoan, eta hori salatu nahi dugu», gehitu zuen Haranburuk.

Hurrengo igandean hondartza guztietan





Bat bukatu orduko, Etxerat elkarteko kideak hurrengo protestaldia prestatzen hasiak dira. Uda guztietan egin ohi dutenez, bi ekimen nagusi prestatzen baititu Etxerat-ek, lekuan lekuko eta momentuko mobilizazioez gain. Atzo, errepideetako elkarretaratzean milaka lagun elkartzea lortu zuten, eta gaur zortzi, Euskal Herriko hondartza guztietan egingo dituzten elkarretaratzeetan, beste hainbeste elkartzea dute helburu. Hondartzetako kontzentrazioak datorren igandean egingo dituzte, eguerdian; eta kostaldea jendez lepo dagoen unea baliatuko dute euskal presoen Euskal Herriratzea eta haien eskubideekiko errespetua eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.