Madrilen, institutu bateko aretoan egin behar zuen hitzaldia Martxelo Otamendik, 2003ko martxoan. Atxiloalditik irten berri zen Egunkaria-ko zuzendaria, eta Espainiako eta Kataluniako hainbat aldetatik deitu zuten kazetaren itxieraz eta atxilotuen egoeraz hitz egiteko. Bezperan, institutua erabiltzeko baimena kendu zieten antolatzaileei, eta Madrilgo egoitza okupatu batean egin zuen hitzaldia. Zazpi urte geroago, Auzitegi Nazionalean epaiketa amaitu zen egunean, agur afaria egin zien talde horrek auzipetuei, beren abokatu eta senideei eta hainbat intelektual madrildarrei, Patio Maravillaseko txoko okupatuan. «Leku okupatu batean hasi ginen, eta beste batean amaitu dugu. Zutoinez eutsita dagoen gelan egin genuen afaria, ahal genuen moduan, baina garrantziarik gabeko zerbait zen hori. Agur hunkigarria izan zen, eta elkartasuna alde guztietan sumatzen zen. Denon mesederako izan baita elkartasuna, eta hori da prozesu honetatik guztitik gelditu dena».
Madrilgo taldeko Pedro Casasen hitzekin bat egin dute David Fernandezek, Nacho Escartinek eta Fernando Valiñok, Kataluniako, Aragoiko eta Valladolideko plataformetako kideek, hurrenez hurren. «Harreman hauek ez dira erraz ixtekoak. Elkar lotu gara, eta onean eta txarrean elkarrekin jarraitzea da helburua». Fernandezen hitz horiekin agurtu ziren lau lagunak igandean Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Bilbora abiatu aurretik, Euskalduna jauregian egin zen Egunkaria-ren eskertze ekitaldian parte hartzeko.
Absoluzioaren bultzada
Esker ona jaso zuten ekitaldi horretan, eta eskerrak beraiek eman zituzten. Egunkaria-ren alde eginiko lanarekin adierazpen askatasunaren eta eskubide zibilen aldeko jarrerak indartu egin direla uste dute, eta bat datoz absoluzioak «lanean jarraitzeko oxigeno baloi bat» eman diela. Nork bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean, eta herrialde bakoitzeko errealitate sozialak duen eragina azaldu dute.
Fernandezen irudiko, «eustorma bat» eraiki izanaren sentipena dute Katalunian. «Aurretik ikusten genuen adierazpen askatasunaren eta eskubide zibilen kontrako erasoa. Baina, Egunkaria-ren aurkako prozesua dela medio Madrilgo prentsari alternatibak eraikitzea lortu da -torturaren gaiarekin, adibidez-, eta ahulduta zeuden sare sozialei bultzada bat ematea zigorgabetasunaren kontrako borrokan».
Auzitegi Nazionalean absoluzio epaiak salbuespena direla azpimarratu du Casasek, baina Egunkaria-rena lagungarri izango zaiela espero du. «Erabatekoa ez bada ere, garaipen bat lortu izana garrantzitsua da. Madrilen oso ongi etorriko zaigu, elkar bizkar emanda bizi garelako eta gutako bakoitza inguruan beste bost aulki jartzen saiatzen delako, zailtasun handiz. Zubiak eta elkartasun sareak zabaltzen jarraitu behar dugu, eta espero dut Euskal Herriarekin harremanak estutzeko baliogarria izango dela».
Ildo horri jarraitu dio Escartinek. «Gai hauetaz askatasunez hitz egiten jarraitzeko balio digu absoluzioak. Aragoiko taldean Euskal Herriaren bake eta normalizazioaz hitz egiten hasteko gogoz gaude, eta azken garai honetan beldur asko uxatu ditugula uste dut. Zazpi urte egin ditugu komunikabide bat itxi izana salatzen, eta arrazoia genuela ikusi da; beraz, torturaz hitz egingo dugu, eta agian arrazoia dugula erakutsiko dugu; edota negoziazio mahai bat beharrezkoa dela. Nahi dugunaz eta nahi dugunarekin hitz egiteko gai ikusten dugu geure burua; hori irabazi dugu, eta masa kritikoa zabaltzeko lan egin behar dugu aurrerantzean».
Komunikabideak
Absoluzioaren berriak Valladoliden izan zuen oihartzunarekin pozik da Valiño. «Guk ez dugu mobilizaziorako gaitasun handirik izan, baina informazioa zabaltzea izan da gure egiteko nagusia. Ateneo errepublikanoak kaleratzen duen aldizkaria azken unean altxatu genuen absoluzioaren berria azalean zabal emateko, eta jendeak zoriondu egin gaitu. Madrildik saltzen diguten informazioari aurre egin dio jendeak, eta interes politikoen indarraz jabetu da».
Espainiako plataformetako ordezkariek kezka berezia agertu dute komunikabideen jarreragatik. «Aginte mediatikoak ezarri duen blokeoari aurre egitea oso zaila da Madrilen. Ez dugu bertako egunkaririk, estatukoak baizik. Euskal Herrian abenduan manifestazio handi bat egin zenuten egun berean Madrilen beste batera deitu genuen. Debekatu egin zuten, eta El País egunkariaren Madrilgo edizioan ez zuten debekuaren berri eman. Informazio mota bat bahituta dago Madrilen; geuk osatu behar dugu informazioa, eta horrek dakar ideologian eta hainbat borrokatan zurekin bat datorren jendeak oso ongi ez ulertzea Egunkaria-ren kasuan eta beste batzuetan egiten duzuna; terrorismoari jokoa egiten diozula esaten dizute, gainera. Horregatik, epaiak asko laguntzen digu. Pertsona batzuentzat bidezkoa dena defenditu dugu, baita guretzat bidezkoa dena ere».
Talde defentsa
Oso bestelakoa izan da egoera Katalunian, eta hedabide gehienek salatu dute Egunkaria-ren itxiera. Hala ere, memoria egiteko eta gertaerak ez ahazteko ahalegina egin behar izan dutela azaldu du Fernandezek. «Zapaterok eta Raxoik itun antiterroristan sartu zuten Egunkaria, haiek jarri zuten gerra logika batean, eta Madrilgo egunkariek ez dituzte zuzendu idatzitako astakeria guztiak. Orain badirudi inork ez duela errurik, Juan del Olmo epailea eta Guardia Zibileko kapitain bat izarrei esker elkartu zirela».
Kataluniako gizarteak jarrera prebentiboa izan duela uste du Fernandezek. «Gure arteko elkartasuna bultzatu dugu, giza taldeen artekoa; autodefentsa bilatu dugu. Hizkuntzak garrantzia berezia hartu du ziur aski, diktaduraren pean izan diren hizkuntzak normalizatzeak dituen zailtasunen jabe garelako. Baina auzi honek talde autodefentsarako balio izan du, eta horregatik esan daiteke garaipena denona eta denontzat izan dela». Escartinek bere egin du ideia hori, eta Aragoin ere hizkuntzaren eta kultura propioaren aldeko borroka bat badela gogorarazi du.
Adibidea eman du Fernandezek: «Abenduaren 15ean grabitate zentroa aldatu zen bat-batean Sant Jaumetik Madrilera, manifestatzeko debekuagatik. Egunkaria-ren kontrako gerra oraindik askoren buruan zegoela jabetu ginen, eta talde kontzientzia hartu».
Epaiaren berria
Apirilaren 12an epaiaren berri izan bezain pronto, telefono deiak, mezu elektronikoak eta Twitter erabili zuten albistea zabaltzeko. «Pozak gainezka egiten zigun», «tunel luze baten irteera zen», «denon garaipen bat zen», «ezin zen besterik izan». Baina, jarraian, galderak: «Zergatik itxi zuten orduan?»; «nola berreskuratu zazpi urte?»; «noiz eta non hasi zen iruzur hau guztia?». Babes taldeek agiri bat kaleratu zuten elkarrekin, kalteak konpontzeko eta erantzukizunak aitortzeko exijituz. Agiriarekin bat egin zuen Asturiasen Egunkaria-ren auziaren berri emateko lan egin duen taldeak. Talde horri esker, hainbat hitzaldi antolatu ahal izan ziren.
«Zuzenbide estatuak etxeko lanak egiteko ditu; egindako kaltea ordaintzeko dago, eta gauzak zeuden lekuan uzteko. Ez da gobernuko ordezkaririk atera azalpenak ematera», azaldu du Fernandezek. «Ezohiko epaia da, zuzenketa bat politika antiterroristaren logikari. 18/98 auziaren epaiketa izan da aurretik, eta laster egingo da Udalbiltzarena. Baina absoluzioa albiste ona da, erakusten duelako salbuespenaren estatuaren logika ez dela garaitezina; ez duela dena suntsitzen eta berriz eraikitzeko gai garela, Egunkaria-ko langileek egin zuten bezala. Zaila da pentsatzea absoluzio gehiago ekarriko dituela, baina adierazpen askatasunaren defentsa indartu da, epaiak esaten baitu edozein komunikabideren itxiera legez kontrakoa dela. Pena da beste batzuek epai hori bera eduki ez izana, baina baliteke hemendik aurrera epaile batek bi aldiz pentsatzea euskal komunikabide bat ixtearen gainean».
Aurrera begira
Valladoliden lanean segitzeko konpromisoa berretsi zuten, absoluzioa ospatzen zuten bitartean. «Hau ez da amaitu, eta gure babes eta elkartasun ekarpen txikia egiteko prest gaude auzia erabat itxi arte eta epaitegi bereziak amaitu arte, besteak beste, Auzitegi Nazionala. Frankismoaren ordena publikoko epaitegiaren oinordeko zuzena da, eta Euskal Herriaren aurka egiteko sortu zen. Ez garena izateaz akusatuko gaituzte, baina zorretan gaude Egunkaria-k ordezkatu duen guztiarekin eta langile ohiek erakutsi diguten esker onarekin. Horregatik, adi egongo gara aurrerantzean ere», azaldu du Valiñok.
«Guk ez dakigu zer egingo dugun plataformarekin», segitu du Casasek. «Esperientzia hau arrakastatsua izan da, aurreko beste batzuk ez dira ongi irten, baina oinarri bat gelditu zaigu, sareak eratzeko eta gauzak egiteko iraganeko beldur politikoak uxatuta».
Elkartasunak hartu duen balioa eta sare sozialen zabaltzea gerora baliogarria izan daitekeela uste dute beste biek ere. «Hizkuntzaren eta herri kulturaren aldeko borrokak eta komunikabideak ulertzeko beste modu batek batzen gaitu, eta gustatzen zaigu hona etortzen garenean gure aldarrikapenen berri ematea».
Fernandezek gogoratu du elkartasun sarearen ondorio izan zela Athleticen eta Bartzelonaren arteko Errege Koparen finalaren jarraipena Vilaweb eta Berria-k ematea. «Gakoa da gehiengoak nola erantzuten duen gutxiengo boteretsu eta krudel batek egiten duenaren gainean. Bere eskubideak bortxatuta ikusten dituen edonorentzat elkarrenganako elkartasuna baliogarria izatea da esperientzia honen ikasgai nagusia, baina prozesu baten moduan ikusita. 2003ko otsailaren 19an ez zegoen egoera batean gaude orain, harreman historikoak are gehiago estutu dira».
KATALUNIA. Politikan eta gizartean txertatuta
2003ko otsailaren 26an sortu zen Katalunian Egunkaria-ren aldeko plataforma: Per la libertat d’expressió. Egunkaria endavant! Ehun lagun batzartu eta manifestu bultzatzaile bat sinatu zuten. Askotariko erakunde, talde sozial, alderdi politiko eta sindikatuen atxikimendua lortu zuten aste gutxira, eta ordutik Kataluniako politikan eta gizartean egon da gaia. Legebiltzarrak Egunkaria-ren aldeko mozioa onartu zuen -PP ez beste alderdi guztiek babestu zuten-, eta katalanezko komunikabide guztiek onartu zuten elkartasun adierazpena; gehiengo sindikala eta kultur ordezkaritza zabal bat atxiki zaizkio. «Oso transbertsala izan da gure plataforma, eta azkeneko fasean ehun aktibista sozial ezagunek osatutako segimendu batzordeak du ardura; gizarte mugimenduak, kazetariak eta juristak izan dira talde horren hiru hankak». Apirilaren 12an diputatu sozialista batek bidali zion mezua gogoratzen du David Fernandezek: zoragarria. «Hain izan da tranbertsala Kataluniako soziologiaren moldeak ere hautsi baititu; okupen batzarrak eta CIUko diputatuak elkartu dira plataforman. Ez dut uste argazki hori askotan egingo denik berriz. Eskubide zibilen defentsan ados jarri izanaren meritua Egunkaria-k berak du». Plataforma orain sare bat da. Ekintzak, agendak egokitzea zailtasuna.
MADRIL. Burua agertzeko zailtasunak
«Espainiako hiriburu izateagatik ondorio kaltegarri asko pairatzen ditugu Madrilen, eta zaila da burua agertu eta irizpide propioak defenditzea». Pedro Casasek ez du ahazten Madrilen manifestazioa egitea debekatu zietela joan den abenduan. Egunkaria itxi izanaren kontra eta adierazpen askatasunaren alde antolatu zuten, eta «terrorismoa goratzeko arriskua» zegoela esan zuen fiskaltzak. Hala ere, Puerta del Solen kontzentratu ziren, Egunkaria libre! leloarekin. Hainbat hitzaldi antolatu dituzte, mahai inguru bat, prentsaurreko bat, jaialdiak; epaiketan izan dira auzipetu eta senideei babesa ematen, eta ospakizun ekitaldi bat prestatzen ari dira maiatzaren 11rako. Alderdien Legea gaitzesteko sortutako Askatasunen eta Elkarrizketaren Aldeko Sarean hasi ziren Egunkaria-ren alde lanean 2003ko martxoan, baina talde horrek hainbat gorabehera izan ditu, eta egunkariaren aldeko lanari berriz ekiteko plataforma bat sortu zuten epaiketa hastera zihoanean. 50en bat taldek babestu dute, eta Madrilgo intelektual ezagun hainbatek. «Taldeak ongi funtzionatu du, arrakastatsua izan da eta, gainera, epaiketa ongi amaitu da. Aurrera begira baliogarria izango zaigula pentsatzen dut, eta iraganeko beldurrak uxatuko ditugula», uste du Casasek.
ARAGOI. Mugimendu sozial anitzen babesa
Egunkaria-ren Aldeko Aragoiko Plataforma euskarazko kazetaren itxierarekin batera jarri zen lanean. Talde eta pertsona anitzek osatutako mugimendu sozial baten barruan sortu zen, eta haien parte-hartzearekin funtzionatu du. «Sindikatuek, auzo elkarteek, komunikabide alternatiboek, talde kulturalek, abokatuek eta ezkerreko politikariek osatzen dugu taldea. Adin eta arlo oso desberdineko jendea gara, eta horrek aberastasuna eta jarraipena ematen dio. Egunkaria-ri buruzko bilerak esperientzia handiko abokatu baten bulegoan egiten genituen, baina hitzaldi eta bestelako ekitaldietara jende gazte asko etortzen zen, eta aretoak betetzen genituen». Aragoin jasotako atxikimendu pertsonalen artean Ricardo Vazquez Prada kazetariarena nabarmendu du Nacho Escartinek. Hitzaldi, mahai inguru eta kontzentrazioak antolatu izan dituzte, eta ez dute arazo berezirik izan, «nahiz Martxelo Otamendi etorri den aldiro entzuleen artean eseritako polizia pareari eskatu behar izan diogun gelatik irteteko». Ez da lehen aldia Euskal Herriarekin elkartasunez antolatu direna, eta, Escartinek adierazi duenez, Bakearen eta Elkarrizketaren Aldeko Batzordea izenarekin Euskal Herriaren egoera ezagutarazten jarraitzeko asmoa dute.
VALLADOLID. Informazioa zabaltzeko lanean
«Euskal Herriak diktaduraren kontra lehenik eta bere aldarrikapen historikoen alde gero egin duen borroka goretsi izan da beti Valladolideko inguru batzuetan; hizkuntzaren, kulturaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka, alegia. Babes edo kidetasun hori gaizki ikusten dutenak ere badira, garai bakoitzeko Rubalcabak ez dakit zer astakeria egotziko dieten beldur direlako. Hala, Egunkaria itxi eta gero ez genuen zalantzarik egin Martxelo Otamendiri eskatzeko Valladolidera etor zedin Del Olmo epailearen erabakiari buruz eta jasandako torturei buruz hitz egitera». Hiriburuko udaletxeko aretoa bete zela gogoratzen du Fernando Valiñok, kanpoan eskuin muturreko talde bat protestan zegoela. Ordutik aurrera, gertutik jarraitu dute Egunkaria-ren auziaren prozesua. «Informazioa zabaltzea izan da gure egiteko nagusia, komunikabide ofizialen informazioa kontrastatu ahal izateko. Lan horrekin taldea sendotzea lortu genuen». Duela sei urte Valladolideko Ateneo errepublikanoa sortu zuten, eta hura izan zen «auziaren inguruko jarduerak lehen lerroan jartzeko plataforma egokia». Egunkaria libre! eta Un juicio sin razón leloak erabili dituzte, eta, Valiñok nabarmentzen duenez, ordura arte Euskal Herriaz hitz egitera ausartu ez zen jendea hurbildu zen.
egunkaria auzia
Elkartasunaren balioa
'Euskaldunon Egunkaria' itxi izana salatzeko Euskal Herritik kanpora sortu ziren taldeek ez diote utzi laguntza eta babesa emateari prozesuak iraun duen bitartean. Elkartasun ekintza soila baino gehiago ikusten dute eginiko horretan: gizarte sareen indartzea eta autodefentsa kolektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu