Jesuiten hilketa

Ellakuriaren ustezko hiltzailea estraditatuko dute AEBek

Inocente Montano El Salvadorko koronel ohia estraditatzeko erabakia hartu du AEBetako Auzitegi Gorenak. Ebazpena irmoa da, eta edozein unetan estradita dezakete Espainiara.

Ignacio Ellakuria (Portugalete, 1930eko azaroaren 9-San Salvador, El Salvador, 1989ko azaroaren 16). Jesuita ezaguna eta Askapenaren teologiaren ekintzailerik handienetarikoa. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko azaroaren 16a
12:36
Entzun

El Salvadorko gerra zibilean (1980-1992) zortzi lagun hiltzea leporatzen diote Montanori; horien artean, Ignacio Ellakuria portugaletetarra. 1989ko azaroaren 16an gertatu zen sarraskia: Atlacalt batailoiko kideek, Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba langilea eta haren alaba Celina hil zituzten. "Armadaren ekintza zela argi ikusi genuen; estatuak zuzendua, gainera", azaldu zion BERRIAri Jose Maria Tojeira jesuitak.

Ellakuria Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektorea zen, eta Askatasunaren Teologiaren ideologo garrantzitsuenetakoa.

Espainiako Justiziak behin baino gehiagotan eskatu du hilketa haietan ustez parte hartu zuten militarrak estraditatzea, eta AEBek 2016an onartu zuten azken eskariari bide ematea.

Montanok 74 urte ditu, eta sarraski hura egiteko agintzea leporatu diote. Azken bi urteak Ipar Karolinako espetxe batean eman ditu, estradizio eskariaren gaineko erabakiaren zain. Defentsa ministro ohia 21 hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu zuten, bere migrazio egoerari buruz gezurra esateagatik.

Montano eta El Salvadorko beste hemeretzi militar haien herrialdean epaitu zituzten, baina Espainiako Auzitegiko Eloy Velasco epaileak lege iruzurtzat jo zuen epaiketa hura, gertakariak ez zirelako behar bezala ikertu, epailearen iritziz. 2011. urtean, akusatuen estradizioa eskatu zuen.

Hilaren hasieran, Donald Trump AEBetako presidenteak herrialdeko Auzitegi Gorenari galdegin zion Espainiaren estradizio eskaria onar zezala "okerreko atzerapenik gabe".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.