Burua estalita zuten lagun batzuek bart eraso egin diote Elorrioko batzokiari, harriak botata, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez. 01:20etan izan da gertaera, Urarka kalean. EAJren egoitzako beira batzuk hautsi dituzte.
Herrizaingo Sailaren arabera, su hartzeko likidoa ere bota dute batzokiaren inguruetan, baina une horretan herritar bat azaldu delako ez diote eman su.
Hamar minutu lehenago Elorrion bertan, Ortuburu kalean, lokal bat erre dute. Musika talde batzuek entseguetarako erabiltzen duten lokala da. Suhiltzaileek eraikina ez dute jendez hustu beharrik izan.
Bi erasoek elkarren artean loturarik ba duten ikertzen ari da Ertzaintza. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du ez dutela zerikusirik kale erasoekin.
EAJko Bizkai Buru Batzarrak “gaitzespen eta arbuiorik irmoena" adierazi die bi erasoei. Udaleko indar politiko guztiei —"Bilduri bereziki˝—, "gertakari onartezin" horiei buruz duten jarrera azaltzeko eskatu die.
Batzokiaren kontrako erasoa gaitzetsi egin du Bizkaiko Aralarrek, "giza eskubideen eta gure herriak bizi duen normalizazio prozesuaren aurkakoa delako".