Hauteskunde kanpaina hasten azkenetakoak sozialistak izan ziren. Donostiako Kontxako pasealekuan eginiko ekitaldian izan ziren Patxi Lopez alderdiko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuak: Ramon Jauregi, Eduardo Madina eta Odon Elorza, hurrenez hurren.
Elorzak nabarmendu zuen Madrilen gobernu sozialista bat egoteak Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko «elkarlana erraztuko» duela eta «bake prozesua sendotzen» lagunduko duela. «Hauteskunde hauetan jokoan daude bake prozesua sendotzea eta askatasunean bizikidetzarako bidea egitea», adierazi zuen.
Bere hitzaldiaren azkeneko hitzak ETAren biktimak gogoratzeko erabili zituen, eta nabarmendu zuen 30 urteren ostean lehenengo aldiz alderdi guztiek «libre» aritu ahal izango direla.
Donostiako alkate ohiaren hitzaldiaren ardatz nagusia, baina,krisialdi ekonomikoa izan zen. Bereziki, langabetuen «drama» izan zuen gogoan. «Hori da gure kezka nagusia», adierazi zuen. Elorzak azaldu zuen krisialdiari aurre egiteko alderdi sozialistak «akordioa eta elkarlana» proposatuko diela indar politiko guztiei, «edozein interes alderdikoiren gainetik». Eta «enplegurako hitzarmen» bat eskaini zien, nahiz eta horren inguruan inolako zehaztasunik eman ez.
Krisialdi ekonomikoa dela-eta, Elorzak ohartarazi zuen PPren asmoa dela ongizate estatua«murriztea». Horren aurrean, alderdi sozialistak zer egin badakiela adierazi zuen. «Sakoneko erreforma fiskal bat behar da, solidarioagoa eta bidezkoagoa. Uler nazazuen: aberastasun gehien dutenak zerga gehiago ordain dezatela. Raxoik, aldiz, jaitsiera orokorra ezarri nahi du», salatu zuen Gipuzkoako zerrendaburuak.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Elorzak dio PSOEk «prozesua sendotzen» lagunduko duela
Madrilen gobernu sozialista bat egoteak elkarlana erraztuko duela uste du Gipuzkoako zerrendaburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu