1989. urteko azaroaren 16an El Salvadorren egindako eraso batean hil zituzten Ignacio Ellakuria euskal jesuita eta haren komunitateko lau jesuita espainiar. Haien hilketa ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velasco, eta horretan jarraitzeko borondate irmoa agertu du; horren erakusgarri gaur kasuarekin segitzeko asmo berriekin plazaratu duen autoa. "Terrorismoa" egin zuten ebatziko du orain. 13 militar ohi ikertzen ari da, hilketarekin izan zuten lotura argitzeko.
Gaur atera duen autoaren arabera, argitu nahi du "iruzur hutsa" izan zen El Salvadorren auzipetuen kontra egindako epaiketa. Izan ere, susmo ilunak ditu berak. Oroitarazi du, esaterako, zigorrik handiena jaso zuena —Guillermo Alfredo Benavides koronelari 30 urteko espetxe zigorra jarri zioten— berehala geratu zela kalean, urtebetera indultua eman baitzioten.
Horrelako kasuak ikertzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du, eta horregatik kritikatu du PPk horren kontra egin duen lege aldaketa. Santiago Pedraz epaileak ere atzerriko kasu bat —Iraken hil zuten Jose Couso argazkilariarena— ikertzen jarraitzeko asmoa azaldu duela nabarmendu du, eta bat egiten duela harekin.