Nafarroako Kutxa Iruñera itzuliko da. Eloy Velascok, Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzioko seigarren epaitegiko epaileak, erabaki du Banca Civicari dagokion auzia artxibatzea. Epaileak ez du deliturik atzeman, ez Banca Civicaren bat egitean, ez burtsara ateratzeko operazioan, ez Caixabankek hura erosteko prozesuan. Dena den, Eloy Velascok ez du auzia erabat itxi. Kontuz elkarteak bere garaian salaketa bat jarri zuen Nafarroako Kutxak 2009ra bitarte eginiko inbertsioak ikertzeko, eta auzi hori Auzitegi Nazionalak hartu zuen bere gain. Velascoren esanetan, CAN fundazioak, aurrezki kutxa zenaren egungo kudeatzaileak, ez du «behar beste parte hartu». Hala, ustezko irregulartasunak ikertzen jarraitzeko eskatu dio Iruñeko instrukzioko 3. epaitegiari.
Auzia Iruñera itzultzeko arrazoi nagusia da CANeko inbertsioetan egon daitezkeen irregulartasunen ondorioek Nafarroari soilik eragin diezaioketela. Hori ere izan zen arrazoi nagusia iaz Eloy Velascok CAN auziaren zati nagusia bere gain hartzeko. Orduan arrazoitu zuenez, ustezko irregulartasunek CANeko kaudimenari eragin bazioten, 2010etik aurrera Banca Civicarenari ere eragingo zioten, eta, haren ondorio ekonomikoek Nafarroaren mugez gaindiko beste lurraldeei eragitean, instrukzioa Auzitegi Nazionalari zegokion. Orain Velascok ondorioztatu du Banca Civicaren baliabide propioek izandako beherakada araudi aldaketen eta krisiaren ondorioz izan dela. Hartara, Iruñean aztertu behar da CANeko zatia.
Larriak dira akusazio partikularrak Nafarroako Kutxako arduradunei leporatutako salaketak: besteak beste, CANeko baliabide propioak sakrifikatuz higiezin negozioak egitea, kutxa partaide zen enpresetako administrazio kontseiluetan adiskidekeriaz jokatzea, 2007tik 2009rako kontuak faltsutzea, lursailengatik balio zutena baino gehiago pagatzea... Eloy Velascok ustezko irregulartasun horiek zerrendatzen ditu bere autoan, baina ez du zehazten irregulartasun zantzurik ikusi duen. Iruñeko instrukzioko 3. epaitegiak ikertu behar duela esan besterik ez du egiten.
Nahiz eta albiste ona izan daitekeen ikerketa Nafarroara itzultzea, Eloy Velascok Banca Civicaren ikerketa ixteko ematen dituen arrazoiek sendotu egin ditzake Enrique Goñi zuzendari nagusi ohiaren eta Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiaren argudioak. Izan ere, Velascok autoan azpimarratu du Banca Civicak izandako ondare galera banku krisiaren eta araudi aldaketen ondorioz izan zela. Banca Civica sortzeko prozesua «sendoa» eta «bideragarria» izan zela deritzo.
Erreserbetara bideratutako dirua beste finantza erakundeetan egin zela dio, eta prozesu osoa Espainiako Bankuak eta besteak beste Price Waterhouse aholkularitza etxeak gainbegiratu zutela. Gaineratu du krisiaren eta araudi aldaketen ondorio direla behin Banca Civica xurgatuta Caixabankek jarri behar izan dituen 3.850 milioi euroak.
Hala eta guztiz ere, azken hitza orain Iruñeko instrukzioko 3. epaitegiak du. Geroa Baik eskatu du Yolanda Barcina berehala Parlamentura joateko, eta gaur eguerdian Kontuz elkarteak iritzia emango du.