Iragan urtarrilaren 6ko, errege eguneko elur denboralearen harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko kudeaketaren inguruko azalpenak eman ditu Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Batzar Nagusietan, berak hala eskatuta. Azpimarratu duenez, diputazioak lan “ona” egin zuen, eta “behar beste” baliabide jarri zituen arazoari irtenbidea emateko. Hain zuzen, kamioilariei bota die errua aldundiak, ezkerreko bidea erabiltzeagatik “jakin badakitelarik debekatua dutela halako kasuetan”. Oiarbidek aditzera eman duenez, eguraldi aurreikuspenek asmatu ez bazuten ere, bide eta azpiegitura departamentuak “erreakzionatzeko gaitasuna” izan zuen. Azaldu du, halaber, Gipuzkoako ahalmen handiko errepide sarea irekita egon zela, Etzegarate mendatea eta A-15 autobidea izan ezik. “Ez zen kaosik egon, arazo larriak bai, baina kontrolpean izan genuen egoera”, adierazi du.
Kamioilariei egotzi die aldundiak arazoak sortu izana, hain zuzen. Izan ere, foru diputatuaren esanetan, ezkerreko bidetik gidatu eta elurra kentzeko makinei bidea oztopatu zieten, “nahiz eta debekatua izan”. Horiek hala, 30 kamioi “banan-banan” erretiratu behar izan zituzten Etzegarateko Gipuzkoako bidean –hiru gurutzatuta zeuden errepidean–, harrapatuta geratu zirelako, Silvia Perez departamentuko zuzendariak jakinarazi duenez. Ertzaintzak 18:30ean itxi zuen mendatea. Gogorarazi du, ordea, 22:00etarako ez zegoela ibilgailu arin “bakar bat ere” harrapatuta, ez A-15 autobidean ez eta N-1ean ere. Perezen esanetan, orotara, 214 langile aritu ziren urtarrilaren 6 eta 7an lanean, eta elurra kentzeko 44 makina.
Oposizioak, ordea, ardura guztia kamioilarien esku utzi izana egotzi dio aldundiari. Juantxo Iturria Podemos Ahal Dugu-ko batzarkideak, esaterako, dagokion ardura onartu ez izana eta pisu guztia kamioilariengan jarri izana leporatu dio foru diputatuari. Iban Asenjo EH Bilduren eledunak, aldiz, gaur arte azalpen publikorik eman ez izana leporatu dio. Oiarbidek argudiatu du gaixo zela egun hartan, eta, hala ere, prentsa oharrak bideratu zituela. “Autokritika egiten dugu. Beti dago zer hobetua, gure aldetik elkarlanean jarraituko dugu”, erantsi du.