Elur zuria, izotz beltza

Elurretan jolasteko baliatu dute eguna ume eta guraso askok mendi aldean; baserrietan, lan gehiago egin beharra ekartzen du hotzakIragarpenak dio gogorrena igaro dela: elurra egingo du gaur ere, baina 300 metrotik gora

Jendetza handia batu zen atzo goizean Urkiola inguruan, lerarekin elurretan jolasteko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Jai eta aste, tartekoa izaten da larunbata. Aisiarako eguna batzuentzat, eta lanerakoa besteentzat. Elurrak eta izotzak egoera hori areagotu egin zuten atzo: jolasean aritzeko baliatu zuten elurra dozenaka familiak, eta leporaino beteta egon ziren mendi inguruak; ordea, izotzak buruko mina eta lan gehiago ekarri die baserritarrei eta nekazariei. Elurraren zuria eta izotzaren beltza dira. Igaroa da hotzaldiaren gogorrena; elurra egingo du gaur ere, baina mendialderago. Iragarri adinako desmasia ez du sorrarazi hotzak, eta istripurik aipagarririk ez da izan.

Ziurra zen: ostegun-ostiraletan elurra, jendea lepo larunbatean mendi inguruan. «Goizetik hasi da jendea; jende asko», azaldu du Zigor Arteagak. Urkiolako parke naturaleko interpretazio zentroan aritzen da, Bizkaian. «Aparkalekuak zabaltzen aritu dira elurra kentzeko makinak, baina ez da aski izan auto guztiak sartzeko; bide bazterrean daude asko». Umeak oldean aritu dira jolasean Urkiolan, baita haien aitzakian joandako gurasoak ere. «Elurra egiten segitzen du, eta bost-hamar zentimetro egongo da».

Leran ibiltzeko astirik ez du, ordea, Idoia Zeberiok. Behi etxalde bat dauka Elduainen, Gipuzkoan, eta hotzaldiak lan gehiago egin beharra esan nahi du harentzat. «Abere guztiak hemen dauzkagu, larrean ez dabil batere», azaldu du, orduantxe jaiotako txahal beltzari kontu egiten dion bitartean. «Etxalde barruan ez dugu izan arazo berezirik; ondo estalita dago. Kanpoan bai: behientzako ura daraman hodia izoztu zaigu bi aldiz, eta bidoiak jarri ditugu».

Hotz da inguruan. «Baina ezagutu ditugu askoz gogorragoak; zeropetik 2 gradu izan ditugu». Ez da oso hotza, beste leku batzuetan izandakoekin alderatzen bada. Elduaindik hurbil, Berastegin,—8,2ºC izan zituzten atzo goizaldean. Eta zer esanik ez gorago dauden lekuetan. Hona hemen atzo Nafarroan jasotako tenperatura hotzenak: Arangoitin —14,8ºC, Aralarren —13,9ºC, Erremendian —12,7ºC eta Gorramendin —12,2ºC.

Elurra egin du, erruz. «Asko daukagu elurra, eta jendea ere bai», esan du Iratiko Txaletetatik (Zuberoa) Marian Rennek. Zain zeuden eski estazioetan, noiz iritsiko elurra. «60 kilometro inguru daude eskiatzeko moduan, eta oraindik ere elurra ari du hemen». Pozik daude, elurra dagoelako eta jendeak izan duelako Iratira iristeko aukera. Nafarroa aldetik, adibidez, bidea itxita egon da azken egunetan.

Hotzak, kalte eta mesede

Orain arte ez dute negozio nabarmenik egin eski pistetan. Epeletik joan da negua; apenas egin duen elurrik. Hori nabaritu da basoan. «Pinuetako beldarra azken urteetan baino gehiago dago. Hotzaldiak akabatuko ditu. Kalte egiten diote inguruari, arrautzak uzten dituztelako edozein lekutan eta horietatik tximeletak jaiotzen direlako». Pinudi askotan daude itsatsita beldarren habia zuriak. Iñaki Uranga nekazariak adierazi du zerealei egiten dietela kaltea.

Gipuzkoako Berrobin lantzen du lurra Urangak. Hotzak horretan egingo dio mesede: zomorroak «atzeratu» egingo ditu. «Giro epela dagoenean azkarrago hazten dira, eta udaberrian, landare berria jartzean, indartsuago egoten dira. Horrelako hotzarekin, ahulago egongo dira udaberrian». Baina kaltea ere izango du, hotz muturrekoari ez diotelako aurre egin landare guztiek. «Bertakoek eusten diote: tipulak, azak, babak... Baina leku beroagoetakoak diren landareek ez dute jasaten: patatak, tomateak, ilarrak...».

Kalteak espero ditu. «Orain bi aste landare berria sartuta neukan, eta alferrik galduko da». Lurrak berak ere izango ditu kalteak, Urangaren arabera; goldatuta edo lugorri dagoenari «pasada» ematen dio horrelako izotzak.

Pertsonek, animaliek eta landareek erremedio bera izaten dute: hotzetik babestea, tapakiak jarrita. Uranga: «Mantak eta plastikoak jarriz estali ditugu landareak azken egunetan, baita berotegikoak ere. Lugorria lastoz estaltzea izaten da onena, baina ez dut astirik izan horretarako». Behiak ere babesean izan ditu Zeberiok: eguzkitarako oihalekin estali du etxaldea, alderik alde. «Babes handia egiten die horrek. Esaten dute hotzarekin esne gutxiago ematen dutela, baina ez dut uste oraingoz jaitsiera handia izango dugunik. Hara, beroa baino hobeto jasaten dute behiek hotza. Beroarekin, ez dute jaten».

Babestu dira pertsonak ere. «Arratsaldean giro desatsegina jarri du, haizea eta elurra. Tabernan sartu da jendea», jakinarazi du Arteagak Urkiolan. Ez han soilik: Aian (Gipuzkoa), Iturriotz inguruan, prestatuta joan zen guraso talde bat: etxetik salda beroa eraman zuten termo batean, elur artean gorputza epeltze aldera.

Mendialdean bazen jendea, baina, kalean, paseoan, gutxiago. Erosketak-eta aurretik eginda zeuzkaten askok, nahiz eta larunbat goiza izaten den horretarako garaia askorentzat. Iruñean, kasurako, —2,4ºC zituzten goizean, baina handiagoa zen hotz sentsazioa, —7 gradukoa. Etxerako zegoen giro. Asko atera ziren argazki kamera eskuan, hala ere; izoztutazegon Yamaguchi parkeko urmaela, eta gainean ibili zen jendea.

«Ez da hainbesterainokoa»

Kalean zebiltzanen artean horixe zen hizpidea: hotza. Azken egunetako albistea izan da. «Baina ez da izan hainbesterainokoa. 1956ko hotzaldiarekin alderatu zuten, baina zerikusirik ez du izan», dio Urangak. Orduko hartan, pinuak erre ere egin zituen hotzaldi gogorrak, eta egunetan ez zuen kendu izotza. Hori gogoan zuten atzo Tolosan (Gipuzkoa). Zuhaitzen azoka berezia zen; jende gutxiago kalean, eta erosleen artean horixe kezka: zuhaitzak erosita ondo egingo ote duten, aurrera aterako ote diren. Baietz, saltzaileak erosleari, ez dela hainbesterainokoa izan hotza. Bat etorri da Berrobiko nekazaria ere: «Sortutako alarmaren aldean, erdirik ere ez du egin azkenean». Hori berretsi du Zeberiok, ez dela izugarria izan.

Alertak izango dira gaur ere. Prezipitazioa maiz-maiz espero dute, eta alerta laranja indarrean da Euskal Herrian. Elurra 300 metrotik gora egingo du, eta igotzen joango da elur maila; kostaldean euria izango da. Han izan zituzten arazo handienak atzo arratsean; elurra bizi-bizi egin zuen, eta Donostian garraio publikoan gorabehera handiak izan zituzten. Herrera eta Altza auzoetan autobus zerbitzua eten egin behar izan zuten, eta zirkulazio arazo handiak izan ziren. Gaur egoera zerbait hobetzea espero dute, baina hotza iragarri dute biharko berriro ere.

Hotza igaro zain daude mendialdean: Uranga, izotza joan eta landareak zertan diren aztertzeko; Zeberio, esnezalea gorabeherarik gabe noiz etorriko —«gatza botatzen ari gara bidean, arazorik ez dezan izan»—; eta Renne, jende gehiago noiz agertuko: «Asteburuan izango dugu jendea, baina datorren asterako erreserbarik apenas daukagun eginda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.