Denboralea

Elurra arazoak sortzen ari da Bideko Autobian

Elurraren ondorioz, hainbat eragozpen sortu dira Euskal Herriko errepideetan goizean, eta berriz ugaritzen ari dira arazoak, gauean berriz elurra hasita. Izotzak ere arriskua handitu du errepideetan. Alerta laranja ezarri dute Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako erdialdean eta ekialdean.

2015eko otsailaren 3a
07:14
Entzun

Heldu da iragarritako denboralea. Atzoko atsedenaldiaren ostean, alerta laranja ezarri dute gaur Euskal Herriko hainbat txokotan, elur eta kazkabarragatik. Alerta horrek ostegunera arte iraungo du gutxienez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, espero baita itsas mailaraino botatzea elurra datozen orduetan.

Iragarpenak horiek direla, protokoloak prest dituzte erakundeek. Donostia eta Bilboko udalek elurteari aurre egiteko neurriak hartu dituzte, baina uholdeak dira mehatxu Gasteizen. Nafarroan, berriz, jaitsi egin dute elurteen ondorioz emandako alerta maila, baina datozen orduetan tenperaturak jaistea espero da, Iruñean zero azpitik bi eta bost gradu artean egiteraino.

Orduz orduko kontakizuna:

22:20. Elurra gogotik ari du Nafarroan, eta A-12 Bideko Autobian, Los Arcos eta Iruñea artean, hainbat arazo sortzen ari dira. Elurra eta izotza dela eta, ibilgailu batzuk bidean gurutzatuta gelditu dira, bidea trabatuz. Lizarra aldean, berriz, autoak ezin mugiturik daude, autobia berean; elurra kentzeko makinak pasatzen ez, eta bidean harrapatuta denbora luzea daramate gidari askok.

20:30. A-12 Bideko Autobia itxi diete kamioiei 51. eta 58. kilometroen artean, Lizarrarako noranzkoan.

19:00. Gasteizko Udalak lehen larrialdi fasea aktibatu du uholdeen kontra; datozen orduetan ibai ugarik gainezka egiteko arriskua dela-eta aktibatu dute.

17:50. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak babes zibilerako alerta egoera indarrean jarri du. Elurteengatik asteazkenerako emandako alerta laranja ostegunera zabaldu ostean hartu du erabaki hori Jaurlaritzak. Euskalmeten arabera, asteazken, ostegun eta ostiralean itsas mailan bota lezake elurra.

17:45. Itxita daude Opakua eta Uruñako mendateak ibilgailu guztientzat, elurteen ondorioz. Zaldiaranetik, berriz, ezin dira kamioiak igaro.

16:15. N-634 errepidea itxita dago Getaria eta Zarautz artean, lurjausi baten ondorioz.

16:10. Elurteari aurre egiteko protokoloak aktibatu dituzte Donostiako eta Bilboko Udalek. Donostian, udalak lehentasunezkotzat jo du etxerik gabeko pertsonak babestea eta larrialdiko ibilgailuen zirkulazioa eta ospitaletarako sarbidea ahalbidetzea. Udalak 75 tona gatz baino gehiago bildu ditu, eta, prebentzio-neurri moduan, hainbat zerbitzuren eta hiriko gune altuen artean banatu ditu. Horrez gain, gatza botako da hainbat errepidetan bihar 06:00etatik aurrera edo lehenago, egoerak hala eskatzen badu.

Bilboko Udalak, berriz, gatza eta gesala botaku du hiriko hainbat lekutan; esaterako, Artxandan, Zabalbide kaleko alde garaienean, Zurbaranbarrin, Otxarkoagan eta zonalde garaienetan dauden auzoetan.

10:34. Nafarroako errepide sare nagusian soilik N-113a dago itxita Kastejon parean, 75 eta 77 kilometroetan, Ebro ibaiak gainezka egin duelako. Bigarren mailako errepideetan, ordea, arazo gehiago daude, batez ere mendi inguruetan. Hain zuzen ere, Erro eta Aezkoako bailaretan arazoak dituzte argindarrarekin, denboralea dela eta.

10:00. Bigarren mailako lau mendate itxita daude: Urduña, Barrerilla eta Herrera Araban, eta Otzaurte Gipuzkoan. Bestetik, autoek kateak behar dituzte eta kamioientzako itxita daude beste zortzi mendate: Zaldiaran, Opakua, Vitoria, Bernedo, Altube, Mandubia, Lizarrusti eta Bidania.

09:56. Elurragatik itxi egin behar izan dituzte Pirinioetako hainbat errepide, besteak beste, NA-140 Auritz eta Izaba artean, NA-2012 Otxagabia eta Irati artean eta NA-2011 errepidea Zaraitzun. Horretaz gain, Aralarko Done Mikel santutegirako igoera ere itxita dago 3. kilometrotik aurrera.

Goizean itxi egin dute Iruñea eta Donostia arteko A-15 autobidea. Etzegaraten, berriz, auto pilaketak egon dira lehen orduetan, eta bi noranzkoetan errepideko bide bana itxi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.