Elurrarekin batera arazoak heldu dira Hego Euskal Herriko bigarren mailako errepide sareko hainbat tokitara. Arazo nagusiak eguneko lehen orduetan gertatu ziren atzo, batez ere, Arabako mendateetan. Nafarroako bost mendatetan ere arazoak sortu zituen elurrak. Errepide sare nagusian, elurrak ez zuen berebiziko eragozpenik sortu.
Arabako Foru Aldundiko elurra kentzeko 54 langileek, 24 makinarekin, goizean goizetik lan egin behar izan zuten. Herrera eta Opakuako mendateak itxita egon ziren lehen orduan, eta Herreran kateak beharrezkoak izan ziren goiz osoan. Bernedo, Azazeta eta Zaldiaran mendateetatik igarotzeko ere arazoak egon ziren goizeko lehen orduetan,eta automobilentzat kateak derrigorrezkoak izan ziren. Arlaban (Gipuzkoa) eta Urduñako (Bizkaia) mendateetan ere kateak behar izan ziren atzo goizean. Txingorrak eta euriteek ere arazoak sortu zituzten Gipuzkoa eta Bizkaiko errepideetan.
Nafarroan, bost portutan izan ziren arazoak: Artesiaga, Urkiaga, Kaseda, Urbasa eta Egozkueko mendateetatik igarotzeko kateak behar zituzten autoek. Auritz eta Izaba arteko errepidean eta Leireko Monasterioko errepidean ere autoek kateak behar zituzten. Horrez gain, Izabatik Frantziara doan errepidea itxita dagoela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Goizean elurra kentzeko 72 makina ibili ziren lanean Nafarroan, eta arratsaldean eguraldiak hobera egin zuenez, 48k jardun zuten martxan.
Arriskua, bihar arte
Elur eta izotz arriskuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bere horretan jarraituko du bihar gauera arte. Euskalmetek eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak bat egin dute iragarpenean. Eusko Jaurlaritzak alerta horia ezarri du horregatik, baina haizete eta euriteen arriskuaz ohartarazteko abisuak, nolanahi ere, bertan behera utzi ditu, eguraldi hain zakarra ez baita espero.
Gaur ere 600 metrotik gora elurra egiteko arriskua dagoela ohartarazi du Euskalmetek, baina 500 metrora ere jaits daitekeela gaineratu du. Bost zentimetro elur pila daitezke altuera horretan, eta 1.000 metroan bost eta hamabost zentimetro inguru. Araban eta Gipuzkoa zein Bizkaiko barrualdean izotz geruzak sor daitezkeela ohartarazi du Euskalmetek. Nafarroan, Pirinioetan, elur-jausi arriskua nabarmena izango da. Bihar elur mailak gora egingo duela iragarri du Euskalmetek, 600-800 metrora arte. Maila horretan bi zentimetroko elur geruza pila daiteke.
Hildako bat, auto istripuan
Bestetik, gizon bat hil zen atzo Igorre inguruan (Bizkaia) gertatutako auto istripu batean. Goizeko sei eta erdietan kamioi batek eta auto batek talka egin zuten Igorretik igarotzen den N-240 errepidean, argitu gabeko arrazoiengatik. Istripuaren ondorioz gidarietako bat hil zen, eta bestea Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten.
Elurrak Araba eta Nafarroako iparraldean eragin du arazo gehien
Elur eta izotz arriskuak bere horretan jarraituko du bihar arte; apurka-apurka hobera egingo du eguraldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu