Hotz bolada

Elurrak eta izotzak arazoak sortu ditu berriz ere errepideetan

Gipuzkoan, A-8a erabat itxita dago Zarautz eta Zumaia artean, eta kostaldeko errepidetik ari dira bideratzen trafikoa. Gaineratzean, goizeko egoera bezain larria ez den arren, arazoak sortzen ari dira errepideetan. Tolosaldean, N-1 errepidean, trafikoa oso geldoa da bi autoren arteko istripuaren ondorioz. Bizkaian, berriz, hainbat auto gurutzatu dira izotzaren eraginez, A-8 autopistan, Abanto eta Santurtzi artean, eta auto ilarak eragin dituzte Cantabriako norabidean. Eguraldiak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute trafiko arduradunek.

2006ko urtarrilaren 27a
20:14
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoan, Zarautz eta Zumaia artean A-8 autopista erabat itxita dago une honetan, eta kostaldeko errepidetik ari dira bideratzen trafikoa. Gainerakoan, ez da goizeko egoera bezain larria, arazoak hainbat lekutan dauden arren. Tolosaldean, N-1 errepidean istripua izan da bi autoren artean, eta trafikoa oso geldoa da Donostiako noranzkoan. Gaintxurizketan ere bi autok elkar jo dute eta Irunera bidean arazoak sortzen ari dira. Bizkaian, A-8 autopistan, Abanto eta Santurtzi artean hainbat auto gurutzatu dira izotzaren ondorioz, eta auto ilada luzea sortzen ari da Cantabriako norabidean.

Une honetan Euskal Herriko errepide sare nagusiko bide guztiak irekita daude. Bigarren mailako errepide sarean, berriz, honako mendateak itxita daude: Dima, Leintz-Gatzaga, Orduña eta Herrera. Beste hauetan autoek kateak behar dituzte: Arlabanen, Elgetan, Elosuan, Bernedon, Urkiolan eta Urrakin.

Goizeko lehen orduetan, berriz, eguraldi txarraren eraginez, Bizkaian, A-8an, auto ilara handiak izan dira, batik bat, Bilbo aldean. Halaber, Zornotza parean hainbat ibilgailuk istripua izan dute, eta han ere auto metaketa handiak izan dira denbora luzez. Goizak aurrera egin ahala, mendebaldera egin dute arazoek, eta A-8an bertan, Itziarko gaina (Gipuzkoa) geratu da trabatuta lau kamioi gurutzatua geratu ostean. Ondorioz, Zarauzko ordainleku parean Bilborako noranzkoan errepidea ixtea erabaki dute trafiko arduradunek ibilgailuak kendu artean, eta, ondorioz, auto ilara izugarriak izan dira. Eguerditik aurrera onera egin du egoerak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari buruzko informazio zehatzagoa hemen edo 902.112.088 telefonoan.

Nafarroari buruzkoa hemen edo 900.400.100 telefonoan.

Eusko Tren ere arazoak konpontzen

Eusko Treneko autobus eta tren zerbitzuetan arazoak eta atzerapenak gertatu dira, baina haiek ere ari dira konpontzen enpresak zabaldutako azken oharraren arabera. Hala, trenbide sareanBilbo-Donostia eta Bilbo-Bermeo ibilbideak egiten dituzten tren zerbitzuak eguerditik aurrera atzerapenik gabe dabiltzala jakinarazi dute.

Hainbat autosbus zerbitzu, berriz, bertan behera utzi behar izan dituzte goizean, baina dagoeneko Zumaia-Zumarraga (Gipuzkoa) eta Zumaia-Donostia artekoak martxan jarri dituzte. Beste hauek, ordea, etenda jarraitzen zuten eguerdian: Ermua-Mallabia (Bizkaia); Gipuzkoan, Deba-Itziar (Gipuzkoa), Orio-Aia (Gipuzkoa), Eibarko zerbitzua (Gipuzkoa).

Honako telefonoan jaso daiteke Eusko Trenen zerbitzuei buruzko unean uneko informazioa: 902 5432 0.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.