Elurrak mendate ugari itxi eta istripuak eragin ditu

Hotza, euria eta elurra espero dira gaur ere, baina astebururako hego haizea iragarri du Euskalmetek

Erredakzioa
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Iritsi da elurra, eta lanak eman ditu errepidean. Mendate ugari itxi egin zituzten atzo, beste batzuetan kateak beharrezkoak izan ziren, eta hainbat istripu gertatu dira elurra eta izotza errepideetara ailegatu zenetik. Gaur ere antzeko eguraldia izango da.

Araban, Opakua eta Herrerako mendateak itxita izan ziren atzo,baina ireki egin zituzten beranduago. Sanpelaio-Arene (Bizkaia), eta Zaraitzu eta Maule artekoa (Nafarroa-Zuberoa) ere itxi zituten. Urduñan eta Bernedon (Araba), kateak beharrezkoak izan ziren atzo, eta beste horrenbeste gertatu zen Gipuzkoan Urrakin, Elosuan, Bidanian eta Arantzazun. Nafarroan, Izabako mendatean soilik erabili behar izan zituzten kateak.

Eguraldi txarra dela eta, istripuak ugaritu ziren atzo. Larriena Artzentalesen (Bizkaia) jazotakoa izan zen: hiru gazte eta heldu bat zauritu ziren, autoa errepidetik irtenda. Lergan (Nafarroa), emakume bat zauritu zen, eskola autobus batek eta kamioi batek elkar jotzean. Autobusean ez zegoen umerik istripuaren unean. Gainera, Elizagorrian (Nafarroa), auto batek eta traktore batek talka egin zuten, eta gizonezko bat zauritu zen.

Herenegun ere izan ziren ezbeharrak: bi Miarritzen (Lapurdi) eta beste hirurak Nafarroan. Lekunberrin (Nafarroa) zirkulazioa geldirik egon zen errepidean elurra pilatu zelako, eta bi kamioi trabatuta gelditu ziren; Gorritin bata, Pagozelain bestea.

Istripuak saihesteko asmoz, Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 40 makina prest ditu. Arretaz gidatzeko eskatu zuen atzo, gaur ere elurra egitea espero dutelako, Pirinioetan bereziki. Alerta laranjan dago Nafarroa iparraldea, eta horian erdialdea. Bihar arte iraungo du gutxienez alerta horiak.

Nafarroa erdialdeaz gain, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Araba alerta horian daude; Gipuzkoa, Nafarroa iparraldea eta Bizkaia, ordea, laranjan. Gaur arte iraungo du bi herrialdeetan alerta laranjak, tenperaturak bere horretan mantenduko direlako, eta zaparradak eta elurteak izango direla espero delako. Elur kuota 200 eta 300 metro artean egongo da Euskal Herri osoan. Arratsalderako eguraldiak hobera egingo du, Euskalmeten arabera. Atertu eta ostarteak zabalduko dira, eta 500 metrora igoko da elur maila.

Bihartik aurrera, hego haizea

Gaur gauetik aurrera, ordea, erabat aldatuko da eguraldia, hego haizea datorrelako. Hala iragarri du Euskalmetek. Tenperaturek gora egingo dute nabarmen, eta astelehenean eta asteartean hogei gradura irits daitezke kostako hainbat lekutan. Hala ere, euria ez da erabat joango, hego haizeak ekarritako lainoek barnealdean euria botako dutela uste baitu Euskalmetek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.