Goiz oso nahasia izan da gaurkoa errepideetan, eta Hego Euskal Herrian trafikoaren egoera arindu bada ere, Iparraldean A-63 autobidean arazo handiak daude oraindik. Goizean elurra garbitzen aritu dira makinak, eta Hendaiatik Baionara iristeko bi ordu behar ziren. Eguerdian egoera arindu da, baina bidea geldirik zeuden kamioientzako ireki dutenean berriro blokatu da errepidea, eta arratsaldeko lehen orduan handiak dira gidatzeko arazoak. Auto ilara luzeak sortu dira, batik bat Miarritze inguruan eta Biriatun Gipuzkoarako norabidean. Miarritzen goizean 24 kilometrokoak ziren auto ilarak, eta Donibane Lohizunetik Miarritzerako norabidean 7 kilometrokoak.
Hau izan da erabiltzaile batek Hendaiatik Baionara bidean bizi izandakoaren gainean BERRIA.INFOri egin dion kontakizuna: "Miarritzeko ordainlekura iritsi baino kilometro batzuk lehenago sortu dira ilarak, lehenik eskuineko erreian, gelditutako kamioiez beteta, eta geroago, pixka bat aurrerago ezkerreko erreia ere, autoz beteta. Tarte batzuk geldirik, eta beste batzuk motel mugitzen, horrela aritu gara, eta Miarritzeko ordainlekuan berdin. Hori pasata, aiseago izan zaigu autoan joaki ginenontzat, baina oraindik traba asko kamioietarako. Geroago elurra (kasu honetan kazkabarra) kentzeko makina batzuk ikusi ditut bide bazterrean, beren lana eginda zutela. Halere, tarte batzuetan kazkabar hondar hormatuak geratzen ziren".
Hego Euskal Herrian auto ilarak desagertu dira, baina arratsaldeko lehen orduan itxita jarraitzen zuten Orduñako mendateak (Araba), Dimakoak (Bizkaia) eta Arantzazukoak (Gipuzkoa). Beste hainbat mendateetan, gainera, beharrezkoak dira kateak autoentzat, esate baterako, Lizarrustin eta Otzaurten (Gipuzkoa-Nafarroa) eta kamioiek debekatuta dute horietatik igarotzea. Nafarroako Pirinioetan ere kateak beharrezkoak dira Abaurreako, Lazako, Egozkueko, Urkiagako, Artesiagako eta Belateko mendateetan. Izabatik aurrera ere tentuz gidatzeko eskatu dute izotzak oso arriskutsu bihurtu baitu errepidea.
Donostian inguruan, goiz nahasia
Arazoak goizean goizetik hasi dira errepideetan. 11:30ak arte itxita egon da A-8 autobidea Bilbotik Donostiarako norabidean, elurra kentzeko makinek azkarrago lan egin ahal izan zezaten. Zarauzko ordainlekua ireki dute baina trafikoa oso motela zen, eta Herrizaingo Sailak N-634 errepidea hartzeko gomendatu du. Trafiko ilarak 07:30etatik zeuden, eta auto asko geratu dira bazterrean gasolina gabe. Donostiatik Bilborako norabidean ere izotza zegoen Aritzeta parean, eta auto ilara luzeak sortu dira. Erabiltzaile batek BERRIA.INFOri jakinarazi dionez, Orioko ordainlekua ere ireki dute.
N-1 errepidean Araban elurra zegoen errepidean eta Gipuzkoan mantso zebilen trafikoa. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko A-15 autobidea ere itxita zegoen kamioientzat. Gainera, Euskotrenek Zumaia eta Donostia arten autobus zerbitzua eten beharra izan du. Okerrena, ordea, Donostia inguruan gertatu da, kaosa sortu baitu goizean txingorrak. Txingorraren eraginez hainbat errepide blokatu dira eta auto ilarak sortu dira, batez ere, Amara eta Loiola auzoetan. Jende asko egon da errepidean harrapatuta. Nahasmen hori inguruetara ere zabaldu da eta Hernani inguruan ez aurrera eta ez atzera zeuden autoak. Araman ere elurrak arazoak eragin ditu.
Iruñean eta Gasteizen ere goizean goizetik egin du elurra. Opakua eta Herrera mendateak itxita zeuden goizean. Gipuzkoan Eizaga eta Elgeta zeuden itxita eta Arraten kateak beharrezkoak ziren. Nafarroan kateak beharrezkoak ziren Bizkaian Solluben behar dira kateak. Eguraldiaren ondorioz, hainbat lekutan istripuak egon dira eta auto ilarak sortu dira. Horregatik erne eta mantso gidatzeko eskatu dute larrialdi zerbitzuek. Arratsaldeko lehen orduan ere istripua izan da Lasarten Gasteizerako norabaidean N-1 errepidean, eta auto ilarak sortu dira.
Asteburuan, hego-haizea
Elurraren eta hotzaren eraginez, alerta laranja mailara igo dute Hego Euskal Herrian. Hotz bolada, ordea, pixkana pasa egingo da, eta iluntzerako jada tenperaturak, eta horrekin batera elurrak, gora egingo dutela iragarri dute. Bihar goizean hotz egingo badu ere, astebukaeran hego-haizea sartuko dela iragarri dute metereologia zerbitzuek. Edonola errepidean arreta ez galtzeko eskatu dute.
ERREPIDEAK
Elurraren eraginez A-63 autobidean auto ilarak luzeak daude oraindik
Bidea kamioientzat ireki dutenean blokatu da A-63 autobidea, eta Miarritze inguruan eta Biriatun hegoalderako noranzkoan trafikoa geldirik dago. Hegoaldean hobera egin du egoerak, baina oraindik ere Orduña, Dima eta Arantzazu itxita daude, eta beste zenbait mendatetan, batez ere Nafarroako mendialdean, kateak beharrezkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu