Orain arte beti gertatu izan den moduan, Arabak Espainiako hauteskundeen emaitzekin bat egin du. Izan ere, PSOEk Espainian izandako garaipenak isla fidela izan du herrialde honetan,PSE-EE garaile atera baita. Duela lau urteko emaitzak irauli egin dira, eta Arabako sozialistek bi eserleku erdietsi dituzte Kongresuan. PSEk irabazitako diputatua galdu du PPk, eta eserleku bakar batekin geratu da. Beste eserlekua EAJk eskuratu du, duela lau urte lortutakoari eutsiz. Beraz, aurrez espero zen PP eta PSE-EEren arteko norgehiagoka horren irabazle argia Araban alderdi sozialista izan da, 55.955 boto lortuta(% 30,83), Alderdi Popularrari 14.000 boto inguru kendu ostean. Hala, PPk hamazazpi mila boto inguru galdu ditu, guztira 48.674 erdietsiz, botoen %26,82. EAJk lehendik zuen diputatuari eutsi dio, baina 2000. urtean baino hamaika mila boto inguru gehiago irabazi ditu, orora 46.842 (%25,81). Modu horretan PPrekiko zuen aldea izugarri gutxitu du EAJk, eta popularretatik puntu eskasera geratu da.
Eserlekurik eskuratu ez arren, boto kopuruan gorakada nabarmena erdietsi du EB-IUk, duela lau urte baino lau mila botogehiago jaso dituelako oraingoan (orora 14.128). Eusko Alkartasunak, berriz, zertxobait behera egin du botoetan, %4,31koa lortuz. Espero zen bezala, Aralar-Zutikek ere ez du ordezkaririk erdietsi, 3.401 boto eskuratu baititu, %1,87.Bergarako Ekimenak autodeterminazioaren alde bultzatutako botoari dagokionez, berriz, emaitza ez da nolanahikoa izan herrialde honetan, guztira 3.477 izan baitira gisa horretako bozak Araban, emandako botoen %3,4. Aurreko hauteskundeekin alderatuta %2,05 egin du gora boto mota horrek. Abstentzioari dagokionez, Araban ere gehiago izan dira botoa ematera joan direnak, eta abstentzioa %22,13koa izan da.Madrilen izango diren ordezkariei dagokinez, Ramon Jauregi eta Pilar Unzalu izango dira Arabako PSEko diputatuak,Jaime Mayor Oreja PPkoa, eta EAJren izenean Emilio Olabarria joango da Madrilera.Senatuari dagokionez PSEk hiru senatari erdietsi ditu eta PPk bakarra. Hala, PSEtik Javier Rojo, Miguel Angel Uzquiza eta Yolanda Vicente aukeratu dituzte, eta PPtik Jose Manuel Barquero.
ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK. EMAITZAK. ARABA
Emaitzak iraulita, PSE garaile
PSE-EEk hauteskundeak irabazi ditu Araban 2 diputatu erdietsita, atzetik PP eta EAJ geratu dira, eserleku banarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu