41 urteko emakume bat bortxatu zuten larunbat goizaldean, Sud Ouest kazetak zabaldu duenez. Baionako bestetan egin zioten eraso, etxerantz zihoala, tren geltokitik gertu. Goizeko laurak eta bostak artean egin zioten eraso.
Anne Kayanakis fiskalak ziurtatu du erasoa "egiazkoa" dela eta ez dagoela "anbiguotasunerako tarterik".
Iragan astean, berriz, salatu zuten emakume bati sexu erasoa egin ziotela bestetako lehen gauean. Salaketaren arabera, emakume gazte bati bortizki heldu, eta sexu ukituak egin zizkioten. Kayannakisen aburuz, "larritasun arineko" gertakaria da gazteak salatutakoa, eta horregatik ez zuten hasieratik horren berri eman. Biktimak salaketa jarri du, eta ikerketa abian da jada.