Labanarekin egindako zaurien ondorioz hil da gaur 35 urteko emakumezko bat Errenterian (Gipuzkoa), eta, Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, haren bikotekidea izan da erasotzailea. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, emakume hori ez ezik, beste bi lagun ere zauritu ditu erasotzaileak eta ondoren bere burua. Hirurak Donostia Ospitalera eraman dituzte, baina ustezko erasotzailea atxilotuta ingresatu dute. Emakumearen senideek zauri arinak lituzkete eta ustezko erasotzaileak larriagoak.
Agustinak auzoko etxebizitza batean gertatu da hilketa, Elias Salaberria keleko 8. atarian, eguerdiko hamabiak baino zertxobait lehenago. Hain zuzen ere, ordu horretan norbaitek deitu du Ertzaintzara, Errenteriko etxebizitza batean zenbait lagun labanaz zaurituta zeudela abisatuz. Esandako lekura iristean, laban zauriak zituzten lau lagun aurkitu dituzte ertzainek. Guztiak suspertzeko ahalegina egin dute baina, arestian aipatu bezala, emakumea hil egin da. Gorpua 15:30ean eraman zuten handik autopsia egitera.
Hildako emakumeak hiru haur zeuzkan; haietako bi, aipatutako gizonezkoarekin izanda. Biktimaren beste umea 16 urteko mutila da, eta horixe izan da gaur zauritu den lagunetako bat. Beste zauritua gizonezko horren anaia bat da.
Ertzaintzak jakinarazi du inoiz ez zuela emakume haren salaketarik jaso ustezko erasoez. Bikotearen bizilagunek esan dute behin ere ez zutela haien arteko liskarrik ikusi edo entzun.
Gertakariak baieztatzen badira, aurten Euskal Herrian bikotekideak hil duen seigarren emakumea litzateke. Horrez gain, Maria Puy Perez Lizarrako (Nafarroa) bizilaguna desagertuta dago azarotik, eta haren bikotekide ohia atxilotua desagerketarekin zerikusia duelakoan.
Biharko bilkura deitu du Udalak
Errenteriko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hilketa gaitzetsi du, eta biharko bilkura isila deitu du. 12:00etan hasiko dute, udaletxe aurrean.
"Gizarte osoari eragiten dio arazo honek. Mentalitate matxistak gure gizartetik desagerrarazi egin behar ditugu, denon artean gizonezkoaren eta emakumezkoaren arteko berdintasuna lortuta", esan du Udalak gaur. PSE-EE, ezker abertzalea, EAJ, PP, EA eta EBko kideek osatzen dute Udala.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere salatu dute gaurko gertaera. "Inor ere ezin da isilik gelditu horrelako eraso baten aurrean. Pertsonen duintasunaren gaineko erasoak dira emakumeen kontrako erasoak. Gaur Errenterian gertatu denaren erantzunak irmoa eta bateratua izan behar du", esan du Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidenteak.
Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak "tolerantziarik eza" eskatu du halako indarkeriaren aurrean.
Emakumeen kontrako indarkeria
Emakume bat hil da Errenterian, ustez bikotekideak labanarekin eraso eginda
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako lehen datuen arabera, emakumea hiltzeaz gain beste bi lagun zauritu ditu gizonezkoak eta ondoren bere burua. Atxilotu egin dute. 35 urte zituen biktimak, eta bi haur eduki zituen ustezko erasotzailearekin. Bihar 12:00etan elkarretaratzea egingo dute, Udalak deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu