Emakume bat hil dute Bilbon, eta bikotekide ohia atxilotu dute

Emakumearen senideek salatu dute gizonak urruntzeko agindua zeukan arren jarraitu egiten ziola; 36 urte zituen hildako andreakProtestak egingo dituzte gaur; konpartsek txosnak itxiko dituzte gauean, 15 minutuz

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Emakume bat hil zuen ustez haren bikotekide ohiak Bilbon, atzo arratsaldean, kalean, labanaz. Bizilagun batzuek eman zuten abisua, Ertzaintzak azaldu duenez. Eztabaidan aritu ziren, eta andreari labanaz eraso zion gizonak. Familiak salatu du urruntzeko agindua bazuen ere segitu egiten ziola. Eraso zioten lekuan bertan hil zen andrea; 36 urte zituen, eta hiru ume. Emakumeen aurkako indarkeriagatik aurten Euskal Herrian hildako laugarren andrea da.

Arratsaldean, 16:25ean, jaso zuen lehen abisua Ertzaintzak. Bizilagun batek deitu zuen, esanez eztabaida betean ari zela bikote bat Fernandez del Campo kaleko pisu bateko atarian. Dei larriagoa jaso zuen ondoren: auzoko batek hots egin zuen, eta jakinarazi zuen labana batekin eraso egin ziola gizonak emakumeari. Ertzainak eta anbulantziak joan ziren lekura, eta larri zaurituta aurkitu zuten emakumea. Saiatu ziren suspertzen, baina denbora gutxiren buruan zendu zen.

Tokian bertan zegoen oraindik ustezko erasotzailea, emakumearen bikotekide ohia. Ertzaintzak atxilotu egin zuen. 38 urte ditu. Orain sei bat hilabete banandu zen bikotea, andrearen hainbat hurbilekok jakinarazi dutenez. Hiru seme-alaba dituzte, guztiak ere adingabeak. Erasoa gertatu zenean, atzo arratsaldean, ez zeuden etxean.

Gizonak jo egiten zuela eta emakumeak salaketa jarri zuela esan dute haren bi senidek. Herrizaingo Sailak ez du baieztatu hori. Nolanahi ere, andrea jasaten ari zenaren testigantza eman dute familiakoek: «Urruntzeko agindua zeukan gizonak, baina beti jarraitzen zion atzetik. Bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela». Axolagabekeria salatu du familiako beste kide batek ere: «Laguntza eskatu zuen, baina soilik telefono bat eman zioten, besterik ez; gizona inguruan zebilkion beti. Atzo bertan [herenegun], etxe ondoan ikusi zuten. Babeserako besokoa eskatu behar zuen; hark salbatuko zen».

Etorkina zen hildako andrea, eta babesik gabe zegoela esan du senide batek: «Galdetu zidan ea zer egin behar zuen. Hemendik joateko esan nion, Bartzelonara edo. Baina ez zeukan lanik. Hara azkenean zer gertatu den».

Emakumearen hilotzari autopsia egingo diote, eta haren hurbilekoek laguntza eskatu dute gorpua sorterrira, Ekuadorrera, eraman ahal izateko. Gizona atxilotuta dago, epailearen aurretik noiz pasatuko.

Kalera agertzeko deia

Aste Nagusian bete-betean murgilduta harrapatu du hilketak Bilbo. Udalak elkarretaratzera deitu du eguerdirako; Jaurlaritzak eta Emakundek bat egin dute protestarekin. Mariola Serranok, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko zuzendariak, parte hartzearen garrantzia nabarmendu du: «Funtsezkoa da publikoan azaltzea horrelakoekiko tolerantzia eza». Honela esan du Emakundek: «Horrelakoak tresna bat dira, andreak atzerarazteko, ez diezaieten aurre egin genero arauei».

Konpartsek bat egin dute udalaren deiarekin, eta beste bat egin dute arratsalderako: 18:00etan Arriagan. Gauean, suen ondoren, 15 minutuz itxiko dituzte txosnak. Emakumeen Mundu Martxa Arriagan izango da. Seigarren hildakoa dela esan du, Amaia Azkue eta Portugaleten semeak hildako andrea zenbatuta. Aurre egiteko eskatu die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.