Biharko protesta Tafallako plazatik abiatuko da, 18:00etan.«Berriro ere, emakume baten ahotan ez hitzaren esanahia ulertzen ez duen munstro bat. Baina argi gera dadila ez dela erantzunik edo ondoriorik gabeko erasorik egongo», adierazi dute Andrelanetik elkarteko kideek.
Eusko Jaurlaritzari eskaria
Etorkizunean genero indarkeria kasuetan esku hartuko duten ertzainek halako gertaeren inguruko prestaketa «egokia» izateko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Legebiltzarreko talde guztiek aho batez onartu zuten eskari hori atzoko osoko bilkuran.
Genero indarkeria kasuetan«espezializatua» dauden ertzain gehiago egon behar dutela berretsi du legebiltzarrak, eta espezializatutako horiek emakumeak izateko eskatu dio Herrizaingo Sailari. Halaber, Ertzaintzaren 2011. urterako ekimenen planean genero indarkeriaren aurkako ikastaro gehiago eta «hobeak» egiteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak.
PPk aurkeztutako legez besteko proposamen baten harira egin diote eskaera Herrizaingo Sailari. EAJ, PSE eta PPren artean lortutako zuzenketa bat onartu dute, eta hori da osoko bilkurak aho batez onartu duena.
Ertzainen espezializazioaren beharra nabarmendu du Garbiñe Saez EAJko legebiltzarkideak, genero indarkeria jasan duten emakumeei arreta emateko bide egokiena dela uste baitu. Emakume horien egoeraz jabetzeaz gain, ertzainek kasu horietarako administrazioak dituen tresnen berri izan behar dutela nabarmendu du, berrizCarlos Urquijo PPko legebiltzarkideak.
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra lan egiteko «batasuna» ezinbestekoa dela nabarmendu du Mikel Arana EBko legebiltzarkideak. Halaber, gogorazi du 2006an ertzainek gai horretan prestaketa jasotzea eskatu zitzaiola Eusko Jaurlaritzari, baina ez zela aldaketarik izan.
Espezializatutako emakumeen garrantzia nabarmendu du Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak. Haren arabera, indarkeria jasan duen emakume batek Poliziara jotzen duenean, eskertu egiten du artatzen duena andrea izatea. «Lasaiago eta seguruago» sentitzen direla gaineratu du.
Joana Madrigal PSEko legebiltzarkideak ere emakumeen espezializazioaren aldeko apustua egin du, biktimei arreta eman diezaieten.
Ertzain etxe handietan, 150 polizia baino gehiago dituztenetan, genero indarkerian espezializatutako bi edo hiru pertsona egotea proposatu du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. UPDko ordezkari Gorka Maneirok, berriz, «espezializatutako unitateak» sortzearen alde egin du.