Labankada bat jaso ondoren emakume bat hil egin da bart Irunen (Gipuzkoa), eta ustez bere bikotekide ohiak egin dio eraso. Irungo Udalak jakinarazi duenez, emakumezkoa autoan zihoan GI-2134 errepidean, gizonezkoak bere autoarekin haren ibilgailua geldiarazi egin du Letxunborro etorbidean eta eraso egin dio. Lepoan sartu dio labankada. Udaltzainek atxilotu dute ustezko erasotzailea (37 urte ditu), gertaeraren inguruan.
Biktima 4:30ean sartu dute Bidasoa erietxean -haren parean izan da erasoa- eta ordubetera zendu da. Yasmin Zamira Rodriguez da hildakoa. Jatorriz Kolonbiakoa da; erasoaren ustezko egilea ere bai.
Erasoa ikusi ondotik lagun bat emakumezkoa laguntzera joan da eta Udalak dio aipatutako gizonezkoak sabelean bi labankada sartu dizkiola hari. Hori ere erietxera eraman dute, ebakuntza egin diote baina bizia ez du arriskuan. Juan Pablo Urtizberea (49 urte) da zauritua.
Udalak ezohiko batzarra egin du 14:00etatik aurrera, eta hilketa salatu du aho batez -PSE-EE, PP, EAJ, EB eta ezker abertzaleko hautetsiak daude-. Bihar 12:00etan hasita elkarretaratze isila egingo dute Irunen, San Juan plazan, Udalak deituta. Hau auzian akusazio partikular gisa aurkeztuko da. Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) bat egin du haren salaketarekin.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gaitzetsi du gertaera; "hilketa basatia" izan da, haren ustez. Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, berriz, uste du arazo horren aurrean erakunde publikoek "premiaz" hartu behar dituztela neurriak.
Aurten Euskal Herrian hil duten hirugarren emakumezkoa da gaurkoa. Gernika-Lumon (Bizkaia) eta Cordovillan (Nafarroa) hil zituzten aurrekoak.
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume bat labankadaz hil dute Irunen, ustez bere bikotekide ohiak eraso eginda
Bart izan da erasoa, gizonezkoak biktimaren autoa geldiarazi duenean. Atxilotu dute ustezko erasotzailea. Laguntzera joan den pertsona bati ere bi labankada sartu dizkiola dio Udalak; ebakuntza egin diote. Bihar 12:00etatik aurrera elkarretaratzea egingo dute Irunen, San Juan plazan, Udalak deituta. Hau akusazio partikular gisa aurkeztuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu