Luzatzen ari da Donostiako jaietan emakumeak jasaten ari diren erasoen zerrenda; gaur goizean, Donostako Udalak beste kasu baten berri eman du. Bart goizaldean, emakume adingabe bat besotik heldu du gizon batek, eta hondartzara eramaten saiatu da, eta ahoan musu ematen. Emakumeak ihes egitea lortu du, eta bi udaltzaini eman die erasoaren berri. Poliziek identifikatu eta atxilotu egin dute gizona. Udal ordezkarien arabera, ertzainak gizon hori ikertzen ari dira atzo haiek jasotako beste salaketa baten harira.
Disko festan gertatu da erasoa, eta, horregatik, gaur gauean jaietako ekitaldi hori bertan behera uztea erabaki du Donostiako Udaleko bozeramaileen batzordeak. Festetako ekitaldi guztietan, halaber, minutu bateko isilunea egingo da erasoa gaitzesteko. Atzo jakin zen neska adingabe batek bortxaketa bat salatu zuela eta hiru mutil atxilotu zituztela —horietako bi adingabeak— eraso hori egotzita.