Bi urteko espetxe zigorra ezarri dio Donostiako Zigor Arloko 2. Epaitegiak gizonezko bati, 2007. urtean Donostian emakume bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik. Horretaz gain, bost urtean biktimarengandik 300 metro baino urrunago egon beharko du gizonak, eta ezingo dio hitz egin.Era berean, 60 euroko isunaezarri diote lesio delitu batengatik, eta biktimari 1.000 eurokokalte-ordaina ordaindu beharko dio.
Epaiaren arabera, gertaerak 2007ko urriaren 27an jazo ziren, 16:40 aldera. Orduan, akusatuak —29 urte zituen garai hartan— Intxaurrondoko auzoa eta merkataritza gune bat batzen dituen bidean egin zion eraso emakume bati. «Atzetik heldu zion modu bortitzean, eta, kolpeak eman eta iletik tira egiten zion bitartean, belardi batera eraman zuen, irainka». Epaiaren arabera, isiltzeko esan zion emakumeari, bestela «min egingo zion» mehatxuarekin. Lurrera bota, kolpe bat eman eta haren gainean jarri ondoren, musukatzen saiatuzen galtzak jaisten zituen bitartean.
Une horretan, baina, bi pertsona igaro ziren bertatik, eta erasotzaileak ihes egin zuen, nahiz eta erasoa ikusi zuen pertsonetako bat haren atzetik joan zen. Erasoaren ondorioz, biktimak hainbat lesio izan zituen lepoan, sudurrean eta betazalean, baita kontraktura bat ere lepoaldean.
Epaiketan erasotzaileak onartu egin zuen akusazioa, eta fiskalak egindako eskaerarekin bat etorri zen.
Bestalde, Donostiako epaitegi batek 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bere emazte ohiari «tratu txar psikologikoak» egiteagatik. Epaiak dioenez, 2007an dibortziatu zenetikgizonak etengabeko kontrola ezarri dio emakumeari, «emazte ohiak beste gizonen batekin harremana izateaz obsesionatuta». Epaiak dio gizonak «ia egunero» egiten ziola presio emazte ohiari, telefono bidez eta mehatxuen bitartez.
Genero indarkeria kasua
Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbat goizean, Muskizen (Bizkaia), besteak beste, bere bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratu izana leporatuta. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gizona biktimaren etxebizitza ingurura joan zen, eta haren bikotekide berriaren autoa jo zuen birritan nahita. Egilea identifikatzeko ikerketak egin ostean, Ertzaintzak haren ibilgailua aurkitu zuen aparkaleku batean, eta aurreko aldean autoak kolpe nabarmenak zituela ikusi zuen.
Kalte delitu bat eta bere bikotekide ohiarekiko zuen urruntze agindua urratu izana egotzita, gizona atxilotu egin zuen Ertzaintzak, baina horrek ukatu egin zuen bikotekide ohiarengana hurbildu izana.
Bestalde, Ertzaintzak 20 urteko gazte bat atzeman zuen ostiralean, Gasteizen, parke batean adingabeen aurrean ustez masturbatzeagatik. Exhibizionismo delitua eta polizien kontrako atentatua leporatuta atxilotu zuten. Izan ere, Herrizaingo Sailaren arabera, atxilotu egin behar zutenean, ertzainei eraso egiten saiatu zen gaztea.
Ertzaintzak adierazi duenez, ostiral iluntzean, 20:50ean, emakume batek jakinarazi zion Poliziari gizonezko bat biluzik eta masturbatzen ari zela Gasteizko Arriaga Lakua parkean. Ertzaintzaren patruila bat bertara joan zen, eta ikusi zuen gizonak galtzak jaitsita zituela eta genitalak ari zitzaizkiola erakusten adingabe batzuei.
Emakume bati sexu erasoa egiten saiatu zen gizon bati bi urteko zigorra ezarri diote
Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu du bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu