Gizartea

Emakume presoen eskubideak aldarrikatu ditu Mundu Martxak Martutenen

Hirugarren eguna du gaurkoa Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herrian. Beasainen (Gipuzkoa) egin du aurreneko geldialdia. Goierriko emakumeen agurra jaso du han, eta gero, Martuteneko espetxera abiatu da andrazko presoen eskubideak aldarrikatzeko. Elkarretaratzea egin dute kartzelaren atarian, eta, besteak beste, torturaren aurkako aldarriak egin dituzte.

2005eko maiatzaren 26a
17:58
Entzun
Ehun bat lagun batu dira Martuteneko espetxearen atarian 13:00etan. Mundu Martxako kideak handi ordu erdi ingurura iritsi dira, autobusean, eta oro har emakumeen, eta, bereziki, andrazko presoen, eskubideen aldeko pankartak zabaldu dituzte. Torturak salateko oihuak ere egin dituzte. Ekitaldia amaitzeko, emakume presoei elkartasuna adierazteko agiria irakurri dute.

Zarautz, Donostia, Pasai-Donibane eta Errenteria ere bisitatuko ditu Emakumeen Mundu Martxak.

Bihar, Donostiatik abiatuko da, eta Irunen geldialdia egin eta gero, Lapurdin izango da. Hendaian, Hazparnen eta Baionan izango dira ekitaldian. Hain justu, biharkoa da martxak Euskal Herrian egingo duen azken eguna. Baionan Frantziako emakumeei emango diete lekukoa Marsellara eramateko.

Emakumeen Mundu Martxa martxoaren 8an abiatu zen Sao Paulotik (Brasil), eta ibilbide luzea egiten ari da andrazkoen kontrako indarkeria, bazterkeria eta pobrezia salatzeko. Afrika, zehazki, Burkina Faso, du helmuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.