Tortura

Emakume torturatuen testigantzak aintzat hartzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du Foro Sozial Iraunkorrak

Emakume torturatuei buruzko ekitaldian, tortura kasuen aitortza lanari jarraipena emateko eskatu die Foro Sozial Iraunkorrak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Gaineratu dute urgentziazkoa dela torturen auzia genero ikuspegitik aztertzea.

jarraia159108.jpg
2018ko azaroaren 9a
20:12
Entzun

Hiru emakumek jasan zituzten torturen testigantza eskaini dute, gaur, Donostiako Emakumeen Etxean. Foro Sozial Iraunkorrak antolatu du ekitaldia, Nik sinesten dizut: emakume torturatuen egia izenburupean. Kristina Gete Etxeberriak, Leire Gallastegi Ormazabalek eta Miren Azkarate Badiolak eman dute beraien bizipen latzen berri.

Foro Sozialeko Nekane Altzelaik nabarmendu du beharrezkoa dela jasandako torturen testigantza eskaini duten hiru emakumeen eta torturen gainerako biktimen mina aitortzea, "euskal gatazka deritzonaren testuinguruan gertatu den ororen memoria osatu ahal izateko". Biktimek jasan duten kontatzea oso baliotsua dela gaineratu du Altzelaik. "Aitortzarako potentzial izugarria duen tresna da sufrimendua jasan duten pertsonen testigantzak entzutea, hitzen bidez suntsitu baitaitezke urte luzeetan gure lubakietan ezkutuan egotera behartu gaituzten muga ikusezinak".

Eusko Jaurlaritzak torturari buruz egin duen txostena "esanguratsua" izan da aitortza lan horretan, Altzelairen iritziz, eta torturaren errealitatea azaleratzeko ahaleginari jarraipena ematera deitu du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari eskatu die segi dezatela beharrezkoak diren baliabideak eskaintzen mota horretako ekimenak laguntzeko. "Esaterako, sakontasun gehiagorekin ikertzea Francoren diktadura garaiko tortura kasuak, edota Nafarroako Foru Komunitatekoak".

Horrez gain, Foro Sozialak nabarmendu du urgentziazkoa dela torturen auzia genero ikuspegitik aztertzea, "modu espezifikoan aitortzeko emakumezkoek jasan behar izan duten drama, eta horrela ikustarazi zein izan ziren hori guztia gertatu izana posible egin zuten arrazoiak". Foro Sozialaren esanetan, gatazkaren testuinguruan gertatu den indarkeria "bereziki krudela" izan da emakumeen aurka, indarkeria matxistaren eraginez. "Emakumeek testuinguru honetan jasan dituzten indarkeriak ezin dira ulertu genero arrazoiak kontuan hartu gabe, baita torturaren kasuan ere. Torturak, azken finean, botere sexistaren hierarkia muturrera eramaten du, dagoen erarik biolentoenean".

Hori dela eta, gatazkaren konponbide integralak generoari lotutako indarkeriari aurre egitea ere eskatzen duela ohartarazi dute, berriro ez gerta ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.