Nigeriar jatorriko emakumezkoak prostituitzera behartzen dituen sare bateko ustezko bi kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak Donostian. Emakumezkoei estortsioa eta mehatxu egitea leporatu diete, eta baita horien aurka indarkeriaz jazartzea ere. Atxilotuak Donostiako instrukzio auzitegi bateko epailearen eskuutzi dituzte. Gizonezko bat ustez bi emakumezko sexualki esplotatzen ari zela jakin ondoren abiatu zuten ikerketa Gipuzkoako hiriburuan.
Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak adierazi duenez, atxilotutako bi lagunetako batek engainatuta ekarri zituen bi emakumezkoak Nigeriatik Euskal Herrira. Etortzeko laguntza eman zien, eta existitzen ez ziren lanpostuak eskaini zizkien euren herrialdetik irten eta hona etortzeko amu gisa. Euskal Herrira iristean, ordea, pasaportea kendu zietela adierazi dute, eta hura berreskuratu ahal izateko 45.000 euro ordaintzeko baldintza jarri zietela. Diru hori lortzeko, gainera, prostituitzera behartu zituzten, eta horretarako emakumezkoak nahiz haien senideak heriotzarekin mehatxatu zituztela jakinarazi dute ikerketa iturriek.
Bestalde, ustez nigeriar jatorriko emakumeak salerosten dituen sare horrekin lotura duten bi pisu ere miatu ditu Espainiako Poliziak, ikerketa operazioaren barruan. Bertan, prostituitzera behartu duten biktima bat eta ustez auzian inplikatuta dagoen emakumezko bat aurkitu dituzte, eta azken hori atxilotu egin dute. Bi lagunak, nahiz pisu horretan aurkitutako zenbait material, epailearen esku utzi dituzte. Donostiako Atzerritartasun Brigadak eta legez kanpoko immigrazioaz arduratzen den Poliziak elkarlanean egin dute operazioa. Atxiloketak eta miaketak asteartean egin zituztela jakinarazi du Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzak.
Emakumeak salerostea egotzita bi lagun atxilotu dituzte Donostian
Hainbat emakume nigeriar prostituitzera behartzen dituen sare bateko kide izatea leporatu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu