Emakumeen kontrako indarkeria

Emakumearen hilketa salatzeko bilkura egin dute Errenterian

Plazan elkartu dira, Udalak deituta. Emakumeen Mundu Martxak ere deitu du bilkura ordu eta leku bererako. Emakumea ustez bere bikotekideak hil zuen, atzo.

2008ko abenduaren 30a
16:54
Entzun
Atzo 35 urteko emakume bat -Clara Rangel- hil zuen labankadaz Errenterian (Gipuzkoa) ustez bere bikotekideak, eta gaur Udalak deituta bilkura isila egin dute han, udaletxe plazan, 12:00etatik. "Hilketa hau ez da soilik jasan duenaren arazoa, baizik eta guztiona. Gertaera gaitzesgarria da", zioen atzo Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Hala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu die herritarrei.

Hain zuzen ere, ordu eta leku berean elkarretaratzea egin du Emakumeen Mundu Martxak. Atzo ere egin zuen. Gaur arratsaldean ere izango dira protestak.

Hildako emakumeak hiru seme-alaba zituen, horietatik bi ustezko hiltzailearekin. Ez zuen aldez aurretik gizonaren kontrako salaketarik jarri. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gizonak beste bi senideri ere eraso zien, eta bere burua zauritu zuen.

Hiru zaurituak Donostiako Ospitalera eraman zituzten; ustezko hiltzailea, atxilotuta. Hain zuzen ere, bera dago zaurituen artean larrien. Beste bi senideek zauri arinak dituzte. Hildakoaren adin txikiko beste bi haurrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean geratu dira.

Ustez genero indarkeriagatik aurten Euskal Herrian hil duten seigarren emakumea da atzo Errenterian zendutakoa. Gainera, urritik Lizarratik (Nafarroa) falta da Maria Puy Perez Ezpeleta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.