Emakumeek erabaki politikoetan izan behar duten protagonismoa aldarrikatu du Emakundek, eta jarduera politikoan benetako parte-hartzea izatea galdegin du. Bereziki, hurrengo maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeetarako aldarrikatu du Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak emakumeen protagonismoa: «Hauteskunde zerrendetan eta ardura publikoetan ezinbestekoa da berdintasunean oinarrituriko emakumeen eta gizonen parte-hartzea sustatzea».
Gogoetak atzo egin zituen Emakundeko zuzendariak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. 30eko hamarkadan emakumeen boto eskubidea lortzeko eta gizartearen diseinuan parte hartzekosufragistek eginiko lana hizpide izan zuen Moiuak, eta ildo horretan sakondu beharra dagoela azaldu zuen, hain zuzen jarduera politikoan emakumeek parte hartzeko duten eskubidea eta beharra aldarrikatuz. Izan ere, Moiuaren irudiko, oraindik ere politika publikoak diseinatzeko eta ezartzeko orduan «gabezia demokratikoa» dago, emakumeek oso gutxi parte hartzen baitute politikaren arloan.
EMAKUMEEN KONTSEILUA. Beste alde batetik, Emakundeko zuzendariak iragarri zuen etzi aurkeztuko dutela Berdintasunerako Emakumeen Kontseiluaren lege egitasmoaren lehen zirriborroa. Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Legean jasotako erakunde horren helburu nagusia da politika publikoetan emakumeen baliozko solaskidetza eratzea. Hala, Moiuak azaldu zuenez, emakumeak eta emakumeen eragileak bilduko dituen esparrua da kontseilua, eta horren bidez, emakumezkoengan eragina dituzten erabakietan parte hartzeko aukera izango dute. «Administrazio publikoek erabakitzen dituzten politiketan ekarpenak egiteko bidea zabalduko du kontseiluak», adierazi zuen Moiuak. Gainera, gizartean eta administrazio publikoan parte-hartze demokratikoaren kultura zabaltzeko bidean Emakumeen Kontseilua oso urrats handia dela esan zuen Moiuak.
Kontseilua sortzeko lege egitasmoaren zirriborroan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen taldeek parte hartu dute.
Emakumeek politikan parte hartu behar dutela aldarrikatu du Emakundek
Berdintasunerako Emakumeen Kontseiluaren lege egitasmoa etzi aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu