Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako aldarriak oihartzun handia hartu du gaur mundu osoan bezala Euskal Herrian ere. Elkarretaratze eta manifestazioak egin dituzte Euskal Herriko hiriburu eta herri ugaritan arratsaldean, genero indarkeriari ezetz errateko. Goizetik, askotariko ekintzak izan dira.
Gasteizen, bost minutuko elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzaren egoitzaren aurrean, Emakundek antolatuta. Bertan parte hartu dute Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta sailburu guztiek. "Sexismo mota oro" gaitzetsi du Jaurlaritzak, "arinenak eta normalizatuenak barne".
Iruñean ere bost minutuko elkarretaratze isila egin dute Gazteluko plazan, gobernuak deituta. Kontseilari ugari izan dira bertan, baina ez, ordea, Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburua. Iñigo Alli Gizarte Politikako kontseilariak nabarmendu du kezkagarria dela salaketa kopurua 14-30 adin tartean hazi izana. Bilbon, "zuzeneko indarkeria" ez ezik, normaltzat jotzen dena edo sinbolikoa kritikatu dute.
Donostian, alderdi politikoek eginiko adierazpen bateratuan, nabarmendu dute indarkeria matxista "arazo konplexua" dela eta "erantzun konplexu eta kolektiboak" behar dituela: "Aurre egitea guztioi dagokigu". Juan Karlos Izagirre alkateak "berdintasun esparruko politiken konpromisoari" eutsi dio.
Talde feminista, sindikatu, alderdi eta eragile ugarik ekarri dute egunotan gogora emakume anitzek pairatzen dutela bortizkeria, eta gaurko mobilizazioak babestu dituzte. Bestalde, Ertzaintzak jakinarazi du 4.765 emakumeri ematen diela babes motaren bat. Horietatik 1.103ri Bortxa telefonoa eman die, 34k bizkartzaina dute, eta 31 erasotzailek daramate eskumuturreko elektronikoa, urruntze aginduak betetzen dituztela bermatzeko.
Aldarriak aldarri, bortizkeria kasuak eguneroko ogi dira oraindik ere. Atzo, erraterako, Getxon (Bizkaia), 36 urteko gizon bat atxilotu zuten bigarren aldiz urruntze agindua urratzeagatik. Donostian, bestalde, epaitegiak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio emazteari eraso egin zion gizon bati.
Beldurrik gabeko aldarria
Euskal Herriko eragile ugarik deitu dute emakumeen aurkako indarkeriari eta horren gibelean dagoen sistema "heteropatriarkalari" aurre egitera. Bilgune Feministak, erraterako, zapalkuntza autodefentsa feministaz "lehertzera" deitu du. Emakundek, berriz, bortizkeriaren aurka "gaitzespen aktiboa" egiteko eskatu dio gizarteari, eta erran du "pentsamolde aldaketa" beharrezkoa dela. Bide horretan, gazteen sentsibilizazioan lan egiten duen Beldur Barik kanpainaren topaketa aurkeztu zuten atzo Emakundek, Eudelek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek. Larunbatean eginen dute, Urretxun eta Zumarragan (Gipuzkoa), eta bertan emanen dituzte argitara Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketako irabazleak. 224 lan aurkeztu dituzte 12 eta 26 urte bitarteko gazteek, eta kanpaina positibotzat jo dute antolatzaileek, gazteen artean indarkeriak oraindik eragina duen arren erasoak identifikatzeko «tresna gehiago» dituztelakoan. Larunbaterako, sari banaketaz gain ikastaroak ere prestatu dituzte.
EH Bilduren proposamena
EH Bilduk "lehen mailako arazo politikotzat" jo du emakumeen aurkako indarkeria; horregatik, uste du ezinbestekoa dela politika publikoak aztertzea, "norabide egokian jartzeko". Eusko Legebiltzarrean "emakumeen kontrako bortizkeriari buruzko ponentzia bat" sortzea proposatu du. Proposamena etzi eztabaidatuko dute osoko bilkuran.