Eusko Jaurlaritzak abian jarri du emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko behatoki bat. Indarkeria mota hori hobeto ezagutzea izango da taldearen helburua. Lehen batzarra martxoaren 26an egin zuen behatokiak, eta, hasteko, hiru lantalde sortzea erabaki du.
Lehen lantaldean, indarkeria matxistaren bilakaera aztertzeko tresna bat edukitzeko lan egingo dute. Horretarako, indarkeria jasan duten emakumeen kopurua eta erakundeen arreta jaso dutenena zehaztuko dituzte. Bigarren lantaldean, indarkeria pairatzen duten eta gainera arazo gehigarriak dituzten emakumeen egoerak aztertuko dituzte. Hirugarrenean, berriz, indarkeria matxistak seme-alabengan duen eragina aztertuko dute. Seme-alaben zaintzaren gaia lantzea garrantzitsua dela uste dute, batez ere.
Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokiaren partaide izango dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, hiru foru aldundiak, Emakunde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, Fiskaltza, Eudel, Arartekoa, EITB eta emakumeen lau elkarte.
Nafarroan, diru laguntzak
Enpresetan, erakundeetan eta elkarteetan berdintasuna ziurtatzeko, 257.000 euro bideratuko dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Enpresei eta erakunde publikoei diru laguntzak emango dizkie berdintasun planak egin ditzaten. Horrela, Nafarroako emakumeak lan munduan baldintza berberetan aritzea ziurtatu nahi dute. Irabazi asmorik gabe emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren alde lan egiten duten taldeak ere lagunduko dituzte. Gizartean, politikan eta sindikatuetan emakumeen parte hartzea bultzatu nahi dute.
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko behatokia sortu dute
Jaurlaritzak bultzatu du batzordea, eta hainbat eragile batu dira; genero indarkeria hobeto ezagutzea da asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu