Gizartea

Emakumeen elkarteak diru laguntzarik gabe utzi ditu Nafarroako Gobernuak

Berdintasuna bultzatzeko jardueretan ere murrizketak izan direla salatu dute elkarteok, eta bilera eskatu diote Gizarte Politiketarako kontseilari Iñigo Alliri.

Berria.info
2013ko urtarrilaren 31
12:50
Entzun

Diru laguntzarik gabe. Halaxe utzi ditu Nafarroako Gobernuak herrialde horretako emakumeen elkarteak. Horixe salatu du Berdintasunaren Aldeko Emakumeen Elkarteen eta Elkarte Feministen Koordinakundeak. Hilaren 23an bilera egin zuten Nafarroako Familiaren eta Berdintasunerako Institutuko arduradunekin, eta haien haserrea erakutsi zieten, elkarteontzako diru laguntzak bertan behera utzi dituztelako eta, gainera, berdintasuna bultzatzeko jardueretarako saila %35 murriztu dutelako. Koordinakundeak bilera eskatu dio Gizarte Politiketarako kontseilari Iñigo Alliri.

"Gobernuak ez dio emakumeen mugimenduari jaramonik egin nahi; horixe erakusten du laguntzak bertan behera uzteko edo murrizteko hartu duen erabakiak", salatu du emakumeen elkarteen koordinakundeak. Gogoratu du emakumeen mugimenduari esker egin direla berdintasunaren aldeko urratsak Nafarroan. Ezarri nahi dituzten murrizketen eskutik egoerak okerrera eginen duela erantsi dute emakumeek: "Genero indarkeria pairatzen duten emakumeak babesteko neurrietan eta gizartea kontzientziatzeko kanpainetan eragina izanen dute murrizketek, eta, ondorioz, gora eginen du emakumeen aurkako indarkeriak".

Alliri bilera eskatzeaz gain, Nafarroako Parlamentuko talde guztiekin bat egiteko asmoa agertu dute emakumeen ekarteek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.