EMAKUMEEN MUNDU MARTXA. Emakumeen Munduko Martxa datorren astean izango da Euskal Herrian

Galiziako emakumeei hartuko diete txanda hilaren 24an, eta lau egunez Euskal Herri osoko hainbat udalerri zeharkatu ostean, Frantziakoei emango diete lekukoa

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
BILBO
2005eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mundua penagarri dagoela pentsatzen dute. Neoliberalismoaren eraginez arduratuta ez ezik, gogaituta daude. Askatasunean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritako mundua irudikatzen duten gizon eta emakumeak dira, beste mundua posible badela uste dutenak. Baita Euskal Herrian ere. Badira asmo on horiek berrikusi nahi dituztenak. Mundu osoko emakumeak dira, feministak, Mundu Martxa egiten dabiltzanak.

Ekimena Brasilen abiatu zuten, Sao Paulo hirian, joan den martxoaren 8an. Bertan, 40.000 emakume inguru batu ziren. Euren askatasunaren aldeko mobilizazioetan, dagozkien eskubideak jasoko dituen Agiria iragarri zuten egun horretan emakumeek. Agiri hori da harrezkeroztik herrialde batetik bestera dabilena, txandaka. Urriaren 17an Burkina Fasora ailegatu bitartean, Afrikan, bost kontinenteetako 45 herrialde zeharkatuko ditu. Une honetan Europan da, Galizian. Datorren astean, hilaren 24an sartuko da Euskal Herrira, ekialdetik. Horren berri Emakumeen Mundu Martxarako Euskal Herriko Plataformak eman zuen atzo, Bilbon egindako agerraldian.Euskal Herri osoan feminismoari edo emakumeen eskubideei lotuta diren elkarte, mugimendu, eragile, alderdi eta sindikatu gehienek osatu dute plataforma. Baita emakume askok, nork bere izenean. Agiriaren lekukoari lau egunez eutsiko diote maiatzaren 24tik 27 bitartean, lekukoa Frantziako emakumeei eman aurretik.

Mundu osoan milaka emakume antolatu dira

Ekimenari martxa izena eman dioten arren, herrialdez herrialde osatu dituzten plataformek txandaka egiten ari diren mobilizazioak, eztabaidak eta agerraldiak dira hor atzean dagoena. Sarean antolatutako protestaldiak dira: «Gu bezala, mundu zabalean milaka eta milaka emakume antolatu egin dira. Oinarri kapitalista eta suntsitzailea duen neoliberalismo patriarkal honi aurre egin nahi diogu, gizarte, politika, lan, kultura eta heziketa mailako alternatibak sortzeko».

Datuak esanguratsuak dira: sare feminista horretan bost kontinenteetako 163 herrialdeetako ia 6.000 elkarte daude sartuta. Helburu bi dituzte oinarri-oinarrian, han eta hemen emakumeek sufritzen duten pobrezia eta indarkeriaren kontra borrokatzea, alegia.Agerraldian Asun Urbietak hartu zuen hitza, plataformako eragile guztien izenean. Inguruan zituen hainbat eragileren ordezkariak: «Plataforma hau anitza eta zabala da, eta horrela egin nahi dugu lan, emakumeen kontrako bortizkeria eta pobrezia gainditu ahal izateko, munduko beste hamaika herrialdetan sortu diren plataformek osatu duten sarearekin bat eginez».Feminismoa, eurentzat, emakumeen eskubideak aldarrikatzea baino haratago doan errealitatea da: «Pentsatzeko eta jarduteko modua, bizirik dagoen mugimendua, eta mundua ulertzeko modu alternatiboa».Euskal emakumeek Karrantzan (Bizkaia) hartuko diete txanda galiziarrei, datorren asteartean. Lekukoa frantziarrei eman aurretik, gora eta behera ibiliko dira Euskal Herrian barrena, ekimenaren aldarrikapenak ezagutaraziz. Ibilbidea autobusez egingo dute eta, zeharkatuko dituzten udalerrietan egiteko, egitarau zehatz eta zabala prestatu dute.

Gai zehatzen inguruko ekimenak bultzatuko dituzte

Egun bakoitzeko, gainera, gai bat aukeratu dute. Hasteko, gudaren kontrako ekimenak bultzatuko dituzte Bizkaian. Araba eta Nafarroan, berriz, ekologiak eta lurrak emakumeengan duen eraginaz jardungo dute. Nafarroatik Gipuzkoarako bidean, berriz, bortizkeriaren kontrako gogoeta sustatu nahi dute. Eta azken egunean, Gipuzkoatik Lapurdirainoko horretan, pobrezia eta prekarietatea izango dituzte aztergai eta protesten ardatz.

Feministek bide berriak eskaini nahi dizkiote ez bakarrik indartzen ari den neoliberalismoari, baita horren kontra borrokatzen diren gizonei ere. Urbieta zehatza izan zen plataformak horren inguruan duen iritzia azaltzerakoan. «Emakumeok balore berriak ipini nahi ditugu mahai gainean, elkarrenganako begirunean oinarritutakoak; elkarri aintzat hartuz gauzatuko direnak; osasuna modu integralean sustatuko dutenak; eta bere oinarri-oinarrian kultur aniztasuna izango dutenak. Bakea eta justizia, asmo horien guztien ondorio izango dira».

Europako emakumeek Marseillan dute hitzordua

Martxa bera Afrikan amaituko bada ere, urrian, kontinente bakoitzean topagune nagusi bat izango dute sareko kide diren elkarteek. Europarrek, Frantzian egingo dute. Marseilla hirian, maiatzaren 28an. Joan den urtean Galizian izan zuten hitzordua emakume europarrek, Vigon. Orduan 20.000 emakumetik gora batu ziren protestan.

Izaskun Guarrotxenak Marseillako elkarretaratzearen garrantzia aipatu zuen. Euskal Herriko eta Frantziako feministentzat ezinbesteko hitzordua izango da, bide batez agiriaren txanda aldaketa egiteko aitzakia izango baitute jardunaldia.«Euskal Herriko emakumeontzako ere ezinbesteko deialdia da Marseillakoa, egun horretan agerian utziko diren arazoak eta eskakizunak gure-gureak ditugulako». Izan ere, lana eta prekarietateaz gainera, egun horretan sexualitatea, abortoa eta osasuna mintzagai izango dituzte han batuko diren emakumeek.Goizean Europaren inguruko gogoeta ere egingo dute emakumeek, bai eta demokrazia, boterea eta berdintasunaren gainekoa ere. Arratsalderako utzi dituzte jai kutsuko ospakizunak. Hiru gune ere antolatu dituzte, gazteei, etorkinei eta lesbianei zuzendutakoak, hain zuzen.Euskal Herriko Plataformak autobusak antolatu ditu Marseillara joan nahi dutenentzat. Izena emateko, telefonoa ere zehaztu dute: (00 34) 943590902.

Euskal Herriko emakumeen eskubideen agiria



Martxoaren 8an Munduko gizon-emakume guztientzako Emakumeon Agiriaren berri eman zuen Emakumeen Mundu Martxak. Ekimena osatzen duten eragile guztiek konpromisoa hartu zuten orduan, lekuan lekuko errealitearen araberako agiria egiteko. Gurean ere, Euskal Herrian, emakumeen eskubideen gutuna egingo zuela jakinarazi zuen plataformak. Egitura osatzen duten talde guztien artean egiten dabiltza, eta dituzten asmoak betetzen badira, behinik behin, egina izango dute 2006ko martxoaren 8rako. Egun horretan mugimendu feministak Euskal Herriko Administrazio, erakunde eta eragile sozial guztiei eskainiko die agiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.