Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak garbi ikusi du aste honetan Gasteizen hilda agertu den emakumearen kasuaren atzean indarkeria matxistaren itzala. "Mila aurpegi, ahots eta adierazteko forma ditu", oroitarazi du, eta hilketa salatzeko gaur egingo dituzten elkarretaratzeetara joateko deia egin du. Hona gaur Hegoaldeko hiriburuetan —hainbat herritarako ere egin dira deialdiak— antolatu dituzten mobilizazioen zerrenda:
Gasteiz: manifestazioa, 20:00etan, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta.
Bilbo: 19:30ean, Arriaga plazan.
Donostia: 19:30ean, Bulebarrean.
Iruñea: 20:00etan, Udaletxe plazan.
Bikotekideak hil zuela baieztatzen bada, aurten genero indarkeriarekin lotutako urteko hirugarren kasua izango da Gasteizkoa. Lehena Andina Pereira de Brito izan zen, 35 urtekoa; martxoaren 17an hilotz agertu zen Mungian (Bizkaia), eta berehala atxilotu zuten haren bikotekide izandakoa. Ingurukoek azaldu zutenez, utzi berria zuten erlazioa, baina gizonak ez zuen onartzen. «Ez zuen bakean uzten».
Bigarrena irailaren 13an izan zen. Angelun (Lapurdi) labankadaka hilik aurkitu zituzten emazte bat eta gizon bat: erizain laguntzaile bat eta 80 urteko gizon bat. Azken horri biloba bat —elbarria— bisitan joana zitzaion, eta haren zaintzailea zen hildako andrea. Handik bi egunetara hilotz agertu zen emaztearen bikotekide ohia, bere buruaz beste eginda, eta Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek onartu zuen genero indarkeria zela lehen hipotesia. Lehendik ere salaketa bat jarria zuen emazteak gizonaren kontra: tratu txarrak ematen zizkiola zioen. Oso isilik joan zen kasu hura; ia oharkabe.
Aurreko urteetan ere urtero izan dira genero indarkeriaren ondoriozko biktimak. Iaz, esaterako, lau andrazko hil zituzten. Amagoia Elezkano senarrak hil zuen: labankadaka. Maureen Oda Otuya eta Jenny Sofia del Rio Bilboko gimnasio bateko jabeak hil zituen ustez. Gasteizen, berriz, andre-gizon batzuen hilotzak aztertzen jakin zen gizonak emaztea hil zuela, eta gero suizidatu egin zela. 20012an, oraindik balantze beltzagoa: sei hildako.